Ganadu azokarekin hasiko dituzte jaiak San Andresen

Erredakzioa 2019ko uzt. 12a, 08:38
Periako antolatzaile eta parte hartzaileak iaz.

Dena gertu dago San Andresen aurtengo jaiei hasiera emateko. Bihar goizean, auzoko ganaduen peria izango da eta, lehen aldiz, umeendako gurdia eta puzgarriak ere ipiniko dituzte. 

San Andresko elkarteko bazkide eta jaien antolaketa batzordeko kide den Oier Cerrejonek azaldu digunez, umeei zuzenduta antolatuko diren zenbait ekimen izango dira berrikuntza nagusiak: "zapatuko perian astoak tiratutako gurdia ipiniko dugu umeak batetik bestera erabiltzeko eta arratsaldean, lehenengo aldiz puzgarriak jarriko dira. Ekimen horiekin nahi dugu umeei dibertitzeko aukera gehiago eskaini eta, bide batez, gurasoei ere eskaintza erakargarri bat egin, San Andresera etor daitezen". Gainerakoan, aurtengo egitaraua azken urteetakoaren antzekoa izango da.

Zapatuan, ganadu peria, pelota finalak eta erromeria

Bihar, zapatua, goizeko 10:00etan hasita, auzoko ganadu eta produktuekin osatutako peria egingo da. Bertan izango dira Iñaki Murua eta Beñat Lizaso bertsolariak eta Mendotz eta Bixkai trikitilariak ere. Arratsaldean, 18:30ak aldera, Iñaki eta Asierren omenezko pelota txapelketaren finala jokatuko dute Fernandez-Unanue eta Muguruza-Arrillagak, eta ostean, herri afaria eta gaueko erromeria egingo dituzte. Aurten, Mirari, Aintzane eta Lutxurdiok osatutako taldeak girotuko du erromeria.

Domekan, mendi-lasterketa eta harrijasotzaileak

Domekan, kiroletakoak izango dira ekimen nagusiak. Goizean, 10:00etan abiatuko dira Iñaki Ruizen omenezko mendi lasterketako korrikalariak eta eguerdira arte mendi bideetan barrena ibiliko dira, berriz San Andresera bueltatu arte. Ostean, Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariek kantatuko dute eta herriko pelota eskolako pelotariek partidua eskainiko dute frontoian. Arratsaldean, San Andresko harria ekarriko dute frontoira eta harrijasotzaileen txanda izango da. Aurten, ondorengo lau harrijasotzaileak lehiatuko dira: Gorka Etxeberria, Mateo Coloma, Jon Gisasola, Aritz Urteta.

Ostean, Bergarako zezentxo eta poniak izango dira ume eta gaztetxoendako eta jaietako bola sari nagusia jokatuko da bolatokian.

Astelehenean, auzotarren jaia   

Astelehenekoa, aurten ere, auzotarrei bideratutako eguna izango da. Egun horretako egitaraua, 12:30ean hasita auzoan hildakoen alde egingo den mezak abiatuko du. Ostean, umeendako jolasak egingo dituzte Laja II.ak eta Lutxurdiok alaituta, eta gero, auzotarrek frontoian bazkalduko dute Andoni Egaña eta Sebastian Lizasorekin batera. Bazkal ostean, bertso saioa eta dantzaldia izango dira eta iluntze partean emakumezkoendako bola jokua izango da. Amaitzeko, elkarrekin afalduko dute frontoian eta gauez azken dantzaldia egin ere bai.

Egitaraua

Uztailak 12, barikua

19:00 Makala altxatzea eta kanpai jotzea. Ondoren, elkartean txorizo probatzea.

Uztailak 13, zapatua

10:00-14:00 III. Auzo ferixia

Auzoko abere eta produktuen erakustaldia. Umeendako tailerrak.

15:00 Bazkaria elkartean, bertsolariek eta trikitilariek alaituta.

18:30ean Asier eta Iñakiren Omenezko XVIII. Pelota Txapelketako finala.

Tartean, umeendako puzgarriak.

21:00etan Herri-afaria: bakailau tortila, sahieskia entsaladarekin, postrea, kafea eta kopa. 20€

Erromeria Mirari, Aintzane eta Lutxurdiorekin.

 

Uztailak 14, domeka

10:00etan Iñaki Ruiz VIII. Mendi Lasterketa.

12:30ean Meza.

Egun guztian zehar Aitor Mendiluze eta Julio Soto bertsolariak eta Mendotz eta Bixkai trikitilariak.

13:00etan Iñaki Ruiz mendi lasterketako sari-banaketa.

Ostean, binakako pelota partiduan Plaentxiako pelota eskolakoen eskutik.

14:30ean Bazkaria elkartean, trikitilari eta bertsolariek alaituta. 

18:00etan San Andres IX. Harrijasotze Saria. Gorka Etxeberria, Mateo Coloma, Jon Gisasola, Aritz Urteta. Garaikurrak, Gogortuz fisioterapiaren eskutik.

Ondoren, Bergarako zezentxo eta poniak.

19:30ean Bola premioa.

21:00etan Afariak elkartean.

Uztailak 9, astelehena

12:30ean Meza, auzoan hildakoen alde.

13:00etan Umeendako jolasak.

15:00etan Auzotarren bazkaria. Egun guztian zehar, Lizaso eta Egaña bertsolariak. Bazkal ostean, dantzaldia Laja II eta Lutxurdiorekin.  

19:00etan Emakumezkoen bola txapelketa.

20:30ean Afaria. Afal ostean erromeria.