'Patria'-k 47.000 euro ordainduko dizkio Udalari

Egoitz Unamuno 2019ko uzt. 11a, 09:20

Alkateak atzoko udalbatzarrean jakinarazi zuen 'Patria'-k zenbat diru ordainduko dion Udalari: guztira, 47.000 euro. Beste hainbat gai ere landu dituzte legegintzaldiko lehen udalbatzarrean: karguak banatzea, alkatearen soldata, alkateari egindako erasoa gaitzesteko adierazpena...

Udalbatzarreko gaiak lantzen amaitu ostean eman du alkateak 'Patria' telesaila filmatu izanagatik Udalak jasoko duen diru-kopuruaren berri: 47.000 euro. Aldazabalek azaldu zuenez, kopurua produktorak eta Udalak adostu dute azken hilabeteotan eremu publikoa okupatu izanagatiko zergak oinarri hartuta eta Udaltzaingoa izan da kopuru hori zehazteko kalkulua egin duena. Horrekin batera, jakinarazi zuen diru hori herriguneko asfaltoa konpontzeko erabiliko dela, “ondatuta dauden zatiak”.  

EH Bilduko Unai Larreategik ontzak eman du zergen kalkulua baina adierazi du “udal-langileek telesaileko lanei eskaini dieten dedikazioa” ere kontabilizatu behar litzatekeela eta faltan somatu du telesaileko arduradunek herrian sortu duten “enredoa” konpentsatzeko “detailerik” eduki ez izana.   

Batzordeak eta karguak

Hasi berri den legegintzaldiko lehen udalbatzarra izan daatzokoa, eta, batez ere, datozen lau urteotan Udalbatzarrak izango duen funtzionamendua eta batzordeetako ardurak banatzeari buruzkoak izan ziren batzarreko gai nagusiak. Udalbatzarra osatu duten alderdiek aho batez onartu dute udalbatzarra bi hilean behin eta udal gobernua astelehenero batzea, aurreko legealdian bezala.

Batzorde informatzaileen eraketa eta berau presidituko duten pertsonen izendapena ere aho batez onartu da. Guztira hamabi batzorde izango dira, aurreko legealdian baino bat gutxiago, Haur eta gazteak eta Hezkuntza batzorde bakar batean batu dituztelako. Ondorengoak dira eratu diren batzordeak eta presidituko dituzten pertsonak: Kontuak eta ogasuna, Garapen ekonomikoa, Pertsonala eta Hirigintza Iker Aldazabalek (EAJ) presidituko ditu; Obrak eta mantentze-lanak Iker Rubiok (PSE-EE); Hezkuntza, haurrak eta gazteak Patricia Borinagak (PSE-EE) eta Veronica Galarragak (EAJ); Kirolak eta kiroldegia eta Ingurumena eta landa-garapena Ramon Gallastegik (EAJ);  Hizkuntza politika Veronica Galarragak (EAJ); Kultura Abel Olaizolak (EAJ); Ogasuna, gizarte ongizatea eta inmigrazioa eta Parekidetasuna eta aniztasuna (lehen Berdintasun batzordea izena zuena) Patricia Borinagak (PSE-EE).  Bozeramaileen batzordea berriz: Patricia Borinagak (PSE-EE), Unai Larreategik (EH Bildu) eta Iker Aldazabalek (EAJ) osatuko dute.

Alkateordatzari dagokionez, lehen alkateaordea Patricia Borinaga izango da, bigarrena Veronica Gallarraga eta hirugarrena Iñaki Rubio.

Horrez gain, izendatu dituzte Udalaren eskumeneko erakunde kolegiatuetan ordezkari izango direnak ere: Gipuzkoako Ur Partzuergora eta Debegesara Iker Aldazabal joango da, Ikastetxeko eta institutuko zuzendaritzara Veronica Galarraga, Itxaropenara Patricia Borinaga, Debemenera Ramon Gallastegi, Mankomunitatera Abel Olaizola eta Erresidentziara Iker Aldazabal, Patricia Borinaga eta Iñaki Rubio (EH Bilduko ordezkaria izendatzeko gelditu da).

Alkatearen liberazioa eta soldata

Iker Aldazabal alkatea lanaldi osoz liberatzea ere onartu zuen Udalbatzarrak, EAJ eta PSE-EEren aldeko eta EH Bilduren kontrako bozkekin. Alkateak azaldu nahi izan ditu jasoko dituen soldataren xehetasunak “gaizki ulerturik izan ez dadin”. “Urtean 57.000 euroko ordainsari gordina izango dut. Hamalau paga jasoko ditut eta hileko nomina 2864,64 eurokoa izango da”. Era berean zehaztu nahi izan zuen aurreko legealdiko soldata bera jasoko duela, igoerarik ezarri gabe. EH Bilduko bozeramaile Unai Larreategik, “pausotxotzat” jo du azken urteetako igoerei uko egitea baina, hala ere, adierazi du EH Bildurentzat soldata “gehiegizkoa” dela.   

Dekretua tabernak beranduago ixteko

Alkatetzako dekretuen atalean, urteko egun batzuetan tabernak beranduago ixteko baimenaz jardun zuten. Izan ere, alkateak erabaki du, Berenjena egunaren harira hainbat tabernarik aurkeztutako eskariari jaramon eginez, urteko hamabost egunetan (egun berezietan), tabernak araututako ordua baino bi ordu beranduago ixteko baimena ematea. Arautegiaren arabera, tabernek aukera dute neguan goizeko 02:30ak arte eta udan 03:00ak arte zabalik mantentzeko. Dekretu berriaren arabera, urteko hamabost egunetan tabernek baimena izango dute, neguan goizeko 04:30ak arte eta udan 05:00ak arte zabalik izateko. Aipatutako egunen artean daude herriko jai egun nagusiak (Santiago Santa Ana, Gaztañerre, Gabonak…) eta baita Berenjena eguna edo iraileko kintadak ere.

Elkartasuna alkateari

Udalbatzarrak adierazpen instituzionala kaleratu du ekainaren 30ean alkateak jasandako erasoa gaitzetxiz eta alkateari eta bere inguru hurbilari elkartasuna adieraziz. Adierazpena alderdi guztien artean adostu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.