Saadia Nasir (SN): Pakistango oihalekin diseinu bakarreko lanak

Ubane Madera 2019ko uzt. 6a, 13:15

Saadia Nasir etxean, Pakistango telak eta berak egiten dituen poltsak erakusten.

Saadia Nasir, (Faisalabad, Pakistan, 1972), Soraluzen bizi da 2013tik. Jantzigintza du ogibide, SN markarekin. Denetik egiten du enkarguz, Pakistango oihalekinin: soinekoak, blusak, gonak… guztiak ere diseinu bakarrak.

“Umetatik brodatzen dut. Gero, batxilergoan lau urtez landu nuen joskintza, Home economics ikasgaiaren barruan. Moda eta diseinu ikasketak ere egin nituen”, kontatu du Saadia Nasirrek.

Presidentearen lan-taldekoa

17 urterekin, Saadia jostuna zen, eta erakusketa handietan ere parte hartzen zuen. Gutxira, aldatu egin zuen ogibidea. “Irakasle izan nintzen ia hiru urtez, eta gero hegazkineko-laguntzaile 15 bat urtez (azafata), Pakistan International Airlinesen”.

Pakistango presidente Pervez Musharrafen lan-taldeko kide izatera ere iritsi zen, beste 15 bat profesionalekin batera "bakarrik berarendako egiten genuen lan hegazkinean. Mundu osoan ibili izan gara". Pakistango presidenteak kargua utzi (2008) eta gutxira, nasirtarrek Pakistandik alde egin behar izan zuten, segurtasun arrazoiak medio.

Oraingoari eutsi nahia

Tristura handiz ekin zioten bizitza berriari Soraluzen, baina Maite Gorostidiri eta haren alaba Oihanari esker hasi zen Saadia jostun eta 2015eko Gaztañerre azokan hasi zen enkarguak hartzen.

“Bizitza berria dut, eta horri eutsi nahi diot. Egunean 6-8 ordu ematen dut josten, batzuetan baita gauerdira arte ere. Gutxi irabazten dut, baina oso pozik nago. Soraluzetarrei eskerrak eman nahiko nizkieke konfiantzarengatik, bihotz-bihotzez. Etorkizunean, denda ipini nahi nuke bertan, Soraluzen bizitzen segitu nahi dugulako, eta oihalak saldu eta joskintza zein estetika zerbitzuak eskaini nahiko nituzke, ze estetika eta ile-apaintzaile ikasketak egin berri ditut hemen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.