Grebak jarraipen handia

Ubane Madera 2019ko uzt. 5a, 10:33
Egoitzako hainbat langile atzo, eguena, elkarretaratzean.

Greban dauden Mesedeetako egokitzako langileetako hainbatek elkarretaratzea egin zuten atzo Plaza Berrian. 80. eguna bete dute dagoeneko greban, eta datorren barikura arte horrela segituko dute. Erizainen, laguntzaileen eta garbitzaileen %100a dabil greba babesten, ELA sindikatuak deituta.

Atzo Plaza Berrian egindako elkarretaratzeaz aparte, aste honetan Bergaratik Debagoienerantz egin duten auto-karabanan eta kazeroladan ere parte hartu dute Soraluzeko egoitzako langileek. Eta jakinarazi dute datorren astean amaituko dutela Bergarako kanpaldia, eta barikuan, berriz, grebaren azkeneko egunean, Donostian egingo den protestan ere parte hartuko dutela.

Edozelan ere, datorren barikura itxaron barik, biharko, zapatua ere badute hitzordua Donostian manifestazioa egiteko, besteak beste, bertan ere hiru egunetako kanpaldia egiten dabiltza-eta. ELA sindikatuak deituta, 18:30ean abiatuko da biharko mobilizazioa, alde zaharretik.

Aldundiaren inplikazio bila

Oro har, eskatzen dutena da Gipuzkoako Aldundiak bere gain hartu dezan “dagokion ardura”: “Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena eta gaur egun arte arduragabekeria osoz jokatzen ari da. Duela bi astekoa adibide argiena da, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilera batetara, patronalak eta sindikatuak agertu eta Aldundia espreski deitua zegoena ez zen agertu", adierazi dute.

Soraluzeko egoitzako langileek jakinarazitakoaren arabera, berriz, udalerriko egoitzan jarraipen handia du oraingo greba honek, bertako zuzendaritzako eta harrerako langileek izan ezik, gainontzeko guztiek (laguntzaileek, garbitzaileek eta erizainek), hau da, egoiliarrei zuzeneko arreta ematen dieten langileek bat egin dute-eta lanuztearekin. Hori bai, gaineratu dute, baita ere, zerbitzu minimoak zorrotz betetzen dabiltzala.