Belarrak saltokia Santa Anako kokagune berrian

Erredakzioa 2019ko uzt. 5a, 08:50
Belarrak saltokiko langileak lokal berrian, atzo, eguena.

Belarrak dendak saltoki berria estreinatu zuen atzo, eguena. Eguaztenean lekualdatu ziren Santa Ana kaleko 22. zenbakira, lehenagoko Arkuperen lokalera. Atzo, bezero askok bisitatu zuten kokagune berria. 

Izan ere, Udalak espedientea abiarazi du Belarrak saltokiak erabiltzen duen etxea hondamen-egoeran deklaratzeko.

Horrek esan nahi du etorkizunean jabeek eraikin osoa botako dutela, baldin eta ez badute berau osorik Udalaren esku lagatzen, Udalak berak bota dezan, Atxuri 21. zenbakiko etxearekin egin zuten moduan.

Bi jabe

Gaur gaurkoz, bi jabe ditu eraikin horrek: teilatupeko solairua eta azpikoa Soraluzeko Udalak berak erosi zizkion jabeari, 2011-2015 legealdian. Eta etxearen osterantzeko espazioak, hau da, belar-dendak okupatzen duen solairua, eta azpiko sotoak, jabetza pribatukoak dira. 

Egoera larrian

Iker Aldazabal alkateak esplikatu duenez, 50 urtetik gorako etxeak derrigortuta daude EIT-a egitera (Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa). Bada, arkitekto independente batek egindako txostenaren arabera, Santa Ana kaleko 2. zenbakiko eraikina egoera larrian dago. Gainera, alkateak gogora ekarri du Soraluzeko Egitamu Orokorraren arabera, etxe hori ordenantzaz kanpo dagoela.

Belarrak Santa Ana 22ra 

Ondorioz, zubiko eraikina laga (biltegi modura erabiliko dute) eta Belarrak denda Santa Ana kaleko 22. zenbakira lekualdatu dute, "pena handiz" dendaren ugazabek azpimarratu dutenez. 

Hori bai, aurrerantzean auzoko izango dituztenak, berriz, oso pozik daude aldaketarekin: «Noski baietz, orain sikiera bada norbait ondoan!» dio Fanny Mertzeriako ugazabak.