Beñat Catalan: "Beti saiatuko naiz Soraluzerekin dudan loturari eusten"

Ubane Madera 2019ko uzt. 4a, 08:30

Beñat Catalan familiarekin.

Beñat Catalan (Soraluze, 1990) Eibarren bizi da, Amañan, bikotekidearekin duela urte eta erdi. Aita izan berri da, abenduaren 31n jaio zen Xare neskatila. Bizitoki berrira ohitzen dabilela aitortu du.

Eibarren ala Amañan bizi zara?
Amañan bizi naiz. Eibarrera jaisteko denbora behar izaten dugu baita bertatik ere.

Zela moldatu zara bizitoki berrira?
Horretan nabil. Oso desberdina da kalera jaistea Eibarren ala Soraluzen. Soraluzen dena dago bertan, hemen ez. Egia esan, baina, umearekin ere zaila da horretarako denbora hartzea.

Hori entzunda, ez dago modurik bikotea Soraluzera etortzera konbentzitzeko?
Barre egin du hori entzunda. Bera hemen ohituta dago, eta nik hura faltan igartzen dut. Gainera, berak amama hemen dauka, eta horrek pisu handia du. Loturarik ez bageneuka, errazagoa litzateke.

Sarri antzean zatoz Soraluzera…
Sarri edo. Soran jarraitzen dut, pilotan jokatzera ere joaten naiz eta baita gurasoak ikustera ere.

Bentajaren bat izango du, baina, Eibarren bizitzeak…
Erosoagoa da. Adibidez, lasaitasuna errazago aurkitzen da kalera jaitsiz gero. Izan ere, Plazentzian irten eta berehala elkartzen zara norbaitekin, errazagoa da liatzea. Soraluzen lasai egon nahi baduzu mendira zoaz ala jai daukazu.

Soraluzeri eusten ahaleginduko zarela dirudi…
Beti saiatuko naiz loturari eusten. Herriz aldatu arren, ondoko herria da, ohiturak aldatzea besterik ez da. Egia esan, herri aldaketak ez du eragin deskalabru handiegirik nire bizimoduan, handiagoa eragin du umea edukitzeak. (Barre)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.