Donostiara ailegatzeko goiz osoa behar

Ubane Madera 2019ko uzt. 2a, 18:52
Autobusa geltokira ailegatzen.

Kexua aurkeztu du soraluzetar batek Donostiarako autobus zerbitzu publikoa dela-eta. Salatu duenez, zapatuan, autobus horretan lekurik ez zegoela-eta, ez zioten igotzen laga, eta Eibarrera joateko esan zioten, han har zezan Donostiarako busa. Goiz osoa kosta zitzaion Gipuzkoako hiriburura ailegatzea.

Autobus garraio publikoak Soraluzen eskaintzen duen zerbitzuari buruzko kexu formala aurkeztu du Pedro Letek udaletxean, azken horrek Diputazioari helarazi diezaion, haiengandik erantzunen bat esperoan: "Orain arte aurkeztutakoek sekula ez dute erantzunik jaso-eta", dio .

"Ez da lehen aldia"

Letek salatu duenez, zapatuan Donostiarako autobusa Soraluzera ailegatu zenean sei leku besterik ez zituen libre. Eta leku libreak baino pertsona gehiago ezin dituztela hartu esanaz, Eibarrera zihoan hurrengo autobusa hartu (ordubete geroago iritsi zen) eta bertatik Donostiarakoa hartzeko esan zieten.

Horrela egin behar izan zuten Letek eta enparauek, eta dioenez, goiz osoa galdu zuten Donostiara heldu nahian. "Eta ez da lehen aldia", gaineratu du. Halaber, kexuaren bitartez salatu du garraio publikoa erabiltzea aholkatzen duen arren, Diputazioak ez duela zerbitzu egokirik eskaintzen Soraluzen.

Loiura zergatik ez?

Adibide modura kontatu du Diputazioko ordezkariekin Eibarren egindako batzarrean galdetu zuela ea zergatik Soraluzen ez den sartzen Loiuko aireportura doan autobusa, Arrasatetik datorrena; kontuan hartuta, Oñatira desbideratzen dela bertakoren batek telefonoz eskatuz gero, eta aldiz, Soraluzen, saihesbidetik pasa arren, sartu ere ez dela egiten. 

Bada, erantzun ziotenez, Soraluzeri egin dizkiote nahikoa "kontzesio", adibidez, Mendarora doan autobusa Ondarroaraino ailegaeraziz.