Eraso egin diote alkatearen ibilgailuari

Ubane Madera 2019ko uzt. 1a, 10:45
Alkatearen autoa, etxe parean aparkatuta.

Iker Aldazabal alkatearen ibilgailuari eraso egin diote asteburuan. Lekukoek bi mutil ikusi zituzten Gila zubitik alkatearen etxe parera bidean "alkatia, hijo de puta" oihukatuz. Ibilgailura iristean, haren kontra jo zuten, besteak beste, autoa arraiatuz alde guztietatik. Salaketa ipini du alkateak dagoeneko. Kargua hartu zuenetik, etxe inguruan egin dioten bigarren erasoa da.

Lekukoen arabera, zapatutik domekara bitartean, goizaldeko 02:00ak-03:00ak aldera Gila zubitik alkatearen etxe parera joan ziren bi mutil "alkatia, hijo de puta" oihukatuz.

Ibilgailura iristean, aurreko kristalaren aurka beirazko edalontzi bat apurtu zuten.

Ondoren, ibilgailuko bi alboak eta kapota dena arraiatu zuten. Ustez giltza batekin egin zituzten arraiak, eta pilotuaren atean, alkatea berba idatzi zuten, hori ere giltzarekin arraiatuta.

Hain zuzen, lekukoen testigantzetan oinarrituko du alkateak Eibarko epaitegian aurkeztuko duen salaketa, lekukoei deklarazioa hartu eta gero. Gainera, gazteetako bat identifikatuta dago.

Lehenengo pintadak

Arraiez gainera, Iker Aldazabalek salatu du, ibilgailuaren albo banatan pixa ere egin zutela eta txistu arrastoak ere nonnahi ikus zitezkeela. “Hori gutxi balitz, nire gurasoen etxeko portalean ere pixa egin zuten, baita txistua bota ere. Ibilgailua etxe aurreko aparkalekuan aparkatuta baitzegoen. Ez behin, hiru aldiz etorri eta joan ziren bi mutil hauek. Gaur, lehenengo orduan, salaketa ipini dut Udaltzaingoan gertatutakoaren berri emanez. Hau da azken hilabetean jasaten dudan bigarren erasoa”, gaineratu du Aldazabalek.

Izan ere, alkate kargua hartu zuen egunean ere, gauez, haren gurasoen eta aurreko etxeko fatxadan pintadak egin zituzten, Zorionak Iker! margotuz.