Euskal Herriko kamisetarik onenaren saria eskuratu du Aupa Gu!-k

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 30a, 11:44
Lorea De Castro, gainerako sarituekin batera. Argazkia: lea-artibaietamutriku.hitza.eus.

Aupa Gu!-k eskuratu zuen atzo Euskal Herriko kamisetarik onenaren saria Ondarroan, Zapato Azuleko kamiseta azokan.

Euskal Herri osotik etorritako 19 kamiseta egile eta marka batu ziren atzo Ondarroan, 22. Zapatu Azuleko kamiseta azokan eta parte hartzaileek eurek aukeratuta, jaso zuen Lorea De Castroren Aupa Gu! markak Euskal Herriko kamiseta onenaren saria.

Gustura dago Lorea. “Atzo, goiz guztian zehar ez nintzen gelditu ere egin, asko saldu nuen eta oso pozik nengoen. Gero, Euskal Herriko kamisetarik onenaren saria eman zidatela esan zidatenean, ‘kriston ilusiñua’ egin zidan. Ondarroan nibela egoten da eta jendeak oso gauza politak aurkezten ditu. Gainera, beste diseinatzaileek aukeratua izateak badauka balore plus bat. Egindako lanaren errekonozimendua da. Bide onetik noan seinale!”.

Ondarroako udaletxeko balkoian jaso zuen saria, gainerako sarituek jaso zuten bera: granitozko bola, sokarekin. Garaikurra, hain justu, aurtengo edizioan omendu duten Ondarroako marmoleroak egina da.

Etorkizunean, “gauza berriak” egiten hasteko asmoa du Loreak. Dagoeneko, hasita dago: “Orain arte serigrafiarekin ibili naizen arren, beste teknika batzuk esploratzen hasi naiz: eskuz seiloak tallatu eta estanpatzen hasi naiz”. Lokal berria ere estreinatuko du laster, eta "bihotzez" eskerrak eman nahi dizkie lokala txukuntzen eta pintatzen lagundu dioten Txarori eta Makiri. 

Aupa Gu!-ren diseinu eta produktu guztiak, Aupagu.eus webgunean daude ikusgai, eta laster salgai ere bai, online dendan.