“Atzera-pausorik ez”

Ubane Madera 2019ko eka. 29a, 12:41

LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatu zituzten atzo, barikua, Plaza Berrian elkarretaratzea eginez. Oraingo honetan, kolektibo horren eskubideak onartzen ez dituztenengan iparra jarri eta haiek dutela aldatzeko beharra aldarrikatu zuten Korner Morea elkarteko kideek: “Guk ez dugulako atzera pausorik emango”, esan zuten.

65 bat lagunek babestuta, orain dela 50 urte hasitako bideari segika, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatu zituzten Plaza Berrian atzo iluntzean, barikua: “Bagara, bagaude. Asko gara eta asko gaude; eta molestatzen bazaitugu, deseroso sentiarazten bazaitugu, nazka ematen badizugu, zuk eman beharko duzu buelta erdia, zu urrundu beharko zara, barruan duzun transfoboa desprogramatu arte, guk ez dugulako atzera pausorik emango”, azpimarratu zuen Alana Berraondok.

"Markoaren gainetik"

Eta zera ere gaineratu zuen Korner Morea Elkarte Transfeministako kideak: “Normaltasuna beti izan da inposizioa, horregatik ez da existitzen. Gaur, 50 urte eta gero erreibindikatzen dugu zigorrak alde batera lagatzea hetero-araua apurtzearren. Markoa lehertzen ari gara, ez gara kabitzen, eta ez dugu nahi ere, markoaren gainetik, plazera gara".

Ekitaldia bukatzeko, manifestazioa egin zuten. Eta protesta ekimenean, herritarrekin batera hainbat udal ordezkarik ere parte hartu zuen, Soraluzeko Udalak ere bat egin zuen-eta Korner Moreak deitutako mobilizazioekin.