Bihar itxiko dute

Ubane Madera 2019ko eka. 28a, 11:49
Igerilekua sarearekin.

Bihar, zapatua, erabili ahalko da igerilekua azkeneko aldiz, uda ostera arte. Bertako sabaia konpontzeko obrak hasiko dituzte datorren astean, eta bihar hasiko dira ja igerilekua horretarako gertu lagatzen, 13:00etan igerilekua itxi ondoren.

Gogoan izan kiroldegiko bazkideek Eibarko Orbeako igerilekua erabili ahalko dutela Soraluzekoa itxita dagoen bitartean. Bakarrik igerilekua erabili ahalko dute, gimnasiorik ez, eta igerilekua bera ere goizez bakarrik erabili ahalko da: 07:30etik 15:00etara, Soraluzeko kiroldegiko abonatu txartela erakutsita. Aurreikuspena da igerilekuko obrek bi hilabeteko iraupena izatea, eta beraz, irailerako bukatzea.

Obrei dagokienez, berriz, Orion Reparacion Estructural enpresak konponduko du sabaia, 118.531,40 euroko aurrekontuarekin. Eta horrekin batera, igerilekuko hezetasun-kenkailua zaharberrituko dute. Hori, baina, Tarte Kooperatiba elkarteak egingo du, 49.795 euroan.

Behin Soraluzeko igerilekua zabaldutakoan, igerilekua erabiltzeko aukera izan ez dutenei abonuaren zati bat bueltatuko diote, hala eskatuz gero.