Hirurogeita hamabost urte beteta dituen Sebas Etxaniz presoa aske lagatzeko eskatuko dute

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 28a, 10:25
'Sebas etxera' ekimenak antolatutako ekitaldia, Elgoibarren. Argazkia: Barren.eus.

Sarek agerraldia deitu du, bihar eguerdian (zapatua), Elgoibarren, adinez nagusia den Sebas Etxaniz presoa aske laga dezatela eskatzeko. Soraluzeko Sarek dei egin die soraluzetarrei biharko agerraldian eta gaur Soraluzne egingo den elkarretaratzean parte har dezaten. 

Sebas Etxanizek 75 urte ditu eta ia 18 urte daramatza gartzelan, ETAko kide izateagatik zigortuta. Jaiotzez elgoibartarra den eta soraluzetar batekin dago ezkondua. Sarek jakinarazi duenez, “legeak ahalbidetzen du adin horretako presoak behin-behineko askatasunean kaleratzea”, eta bigarren graduan dagoen arren, ukatu egin diote hirugarren gradua, asteburuetan kalera ateratzeko aukera emango liokeen. Epaileek “reizidentzia arriskua” aipatu dute baimenak ukatzeko arrazoi gisa eta Sarek salatu du “ia 76 urterekin, eta ETAk biolentzia orain dela ia zortzi urte bukatuta”, baimena ukatzeko argudio horrek ez duela zentzurik. Horrekin batera, Sarek jakinarazi du Sebasek uztailaren 15ean beteko dituela bere kondenaren hiru laurdenak eta hori “legalki beste motibo bat gehiago” dela aske laga dezaten.

Sarek gogoratu du Soraluzeko ordezkari politikoek eta Elgoibarko Udalak adierazpenak kaleratu dituztela Sebasen eskubideak errespeta daitezen eskatzeko eta dei egin diete soraluzetarrei eta elgoibartarrei, zapatuan, ekainaren 29an, eguerdiko 13:00etan Elgoibarko Kalegoien plazan egingo den agerraldian parte har dezaten.

Sareren batzarra

Ekainaren 4an, Soraluzeko Sarek batzarra egin zuen antzokian eta datozen hilabeteetan elkarbizitzaren alde burutuko dituen ekintzen berri eman zuen. Esaterako, Uztailean Luhusotik Gernikara egingo den bizikleta-martxa (20an Elgoibarren geldituko da) eta irailaren 14an, Sareri “lapurtutako” diruaren gaineko sumarioa dela-eta, Joseba Azkarraga eta Agus Hernan deklaratzera deitu izana salatzeko Bilbon egingo den manifestazio “nazionala”.

Horrekin batera, Sarek jakinarazi du, irailean, Sabin Mendizabal preso soraluzetarra aske geldituko dela, lau urteko espetxealdia beteta.