Goizetik iluntzera arteko protestak

Ubane Madera 2019ko eka. 27a, 09:41
Egoitzako hainbat langile protestan, joan den astean.

Gaur, eguena, protesta eguna dute greban dauden Gipuzkoako egoitzetako langileek.10:00etan Eibartik abiatu eta Elgoibarrera oinezko martxa egingo dute, errepidea moztuta. Eta iluntzean, berriz, 19:00etan elkarretaratzea egingo dute, Plaza Berrian.

Joan den eguenean egin zuten oraingo grebako lehen protesta Soraluzen, bertako egoitzako hainbat langilek. Kontzejupean elkartu ziren, pankarta eskuetan.

73 egun greban

Izan ere, joan den astean abiarazi zuten azken greba, uztailaren 12ra arte egingo dutena. Ildo horretatik, ELA sindikatuak gogora ekarri du 73 egun egin dituztela dagoeneko greban, eta euren sektoreko “lan baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea ahalbidetu” nahi dutela: “Lan kargak arindu, ratioak hobetuz eta gure aiton-amonek merezitako zaintza jaso dezaten”.

Eta horrexegatik aste honetan euren aldarrikapenak “Gipuzkoa osoan” helarazi nahi dituzte. “Ibilbide hau Gipuzkoa osoko emakumeek jantziko dute, kamiseta more, abesti eta aldarrikapenekin. Dagoeneko egon gara Oreretan, Zumaian eta Villabonan gainontzeko etapetan eta esan dena oinez egin dugula”.

Debarroari dagokionez, 10:00etan abiatuko dira Untzaga plazatik, eta errepidetik joango dira, errepidea moztuta, Elgoibarko udaletxeraino oinez. “Mezu honen bitartez, guregana gerturatzeko gonbita luzatzen dizuegu”, diote ELAtik.