Makina xurgatzailea, erleak lekuz aldatzeko

Ubane Madera 2019ko eka. 26a, 13:34

Atzo, eguaztena, erle talde bat Santa Ana kaleko jarlekupean pilatzen zebilela ikusita, erlezainari abisatu zioten udaltzainek, bertatik eraman zitzan. Erlezainak makina xurgatzailearekin erretiratu zituen erleak, erregina barne, eta beste erlauntz batera eroan zituen. Ikusmira eragin zuen kontuak.

Herritar baten abisua jaso ondoren, 18:00ak aldera abisatu zion udaltzainak Eibarko erlezainari, Santa Ana kaleko jarlekupean pilatzen zebiltzan erleak kentzeko. Hura etorri bitartean, konoak baliatuta babestu egin zuen ingurua, erleek inor ziztatu ez zezaten.

18:30ak aldera azaldu zen, berriz, erlezaina, makina xurgagailu eta guzti. Izan ere, horrelaxe kentzen dituzte gaur egun toki desegokietan pilatzen diren erleak: kontu handiz haiek xurgatuz, eta bereziki, erregina xurgatzen duela ziurtatuz.

Xurgagailutik egurrezko kutxa bitara pasatu zituen erleak, bertan gordeta zituen bestelako erle-taldeekin batera. Erlezainak jakinarazi zuen handik beste erlauntz batera eramango zituela, “bere lana egin dezaten”.  

Bi erregina batera ez

Erlezainak esplikatu zuenez,“erlauntz batean ezin dira bizi bi erregina elkarrekin; asko jota, ordubetez egon daitezke elkarrekin. Bietako batek alde egin behar du, edo elkar akabatzen dute. Hori horrela, erlauntzetik alde egiten duen erregina zaharrak berarekin eramaten ditu erlauntzeko erleen erdia baino gutxixeago. Eta ahalegintzen dira beste nonbait erlauntz berria eraikitzen”.