Robotikan buru-belarri

Ubane Madera 2019ko eka. 25a, 13:27

34 neska-mutiko dabil Gazte Robotikako aurtengo programan, atzo hasitako ikastaroan. Bi mailatan banatuta, robotak diseinatu eta programatzen dabiltza LH3tik LH6ra bitarteko neska-mutikoak, Doplay enpresako adituen gidaritzapean.

09:30ean hasita, barikura arte goizero jardungo dute herriko antzokian robotikari buruzkoak ikasten eta robotak diseinatzen 9-11 urte bitarteko neska-mutikoek.

Izan ere, ikasteaz aparte, ikastaroan dabiltzanak robotak prestatzen ere badabiltza, irailean Ermuan jokatuko den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketan parte hartzeko.

Gazte Robotika programa Debegesa Garapen Agentziak antolatzen du eskualdeko udalekin batera. Eta Soraluce Kooperatibak diruz lagundutako ekimena da.

Droneena bertan behera

Bestalde, DBHko gazteei zuzenduta zegoen droneen gaineko ikastaroa bertan behera geratu da, bakarrik bi lagunek eman zutelako bakarrik.

Haren lekuan surf ikastaroa egiteko aukera eman zien Udalak DBHkoei, baina kasu horretan ere 8 lagunek bakarrik eman zuten izena. Hori horrela eta autobusa antolatzeko nahikoa lagun ez zirela-eta, surfa ikasteko interesa erakutsi zutenak euren kabuz joango dira Debara, surf ikastaroa ere euren kabuz egitera.