Historiako pop-rock kanturik arrakastatsuenetarikoak eskainiko ditu abesbatzak

Ubane Madera 2019ko eka. 24a, 11:13

Zapatuan, 13:00etan udako kontzertua eskainiko du Ezoziko Ama Abesbatzak, Plaza Zaharrean. Ikuskizuna ezohikoa izango da, kantariekin batera, musikariek ere jardungo dutelako taula gainean. Abesbatzatik, gonbita egin dute: “Ikusiko dute kontzertu zeharo desberdina; ze lotzen dugu musika korala musika estilo konkretu batekin, eta ikusiko dute gaur egungo musika modernoarekin koruak ere funtzionatzen duela. Beraz, gonbidatu nahi ditugu gazteak, nagusiak eta herritar guztiak: hurreratu daitezela, gurekin batera parte hartzera etortzeko”.

Ordu eta laurden inguruko kontzertua eskainiko du Ezoziko Ama abesbatzak zapatuan, 13:00etan hasita. 30 bat lagun izango dira taula gainean, Aitor Garitano Agirreolea zuzendari bergararraren batutapean.

Ken Zazpi, Queen…

Urtarrilaz geroztik dihardute kontzertu horretarako entsegutan, azken asteotan buru-belarri ibili ere, musikariekin. Izan ere, abesbatzako kantariekin batera, Bergaratik errefortzu modura etorriko diren musikari profesionalez osatuko dute zapatuko kontzertua, pop-rock erritmotan oinarritutako kantu ezagun askoak interpretatuko ditu-eta Ezoziko Ama Abesbatzak.

Abestuko dute, adibidez, Ken Zazpi, Queen, Coldplay, Michael Jackson… Horiek kontzertuaren lehen zatian. Eta bigarren zatian, berriz, hilen meza bat interpretatuko dute, baina hori ere rock musikaz jantzita (bideoan). 

Meza rock erritmoan

Aitor Garitano zuzendariak esplikatu ditu kontzertuaren nondik norakoak:

Zelatan ba pop-rock kantuak?

“Urteko programazioaren arabera, bi kontzertu nahi genituen eskaini: bata izan zen Gabonetan; irailetik landu genuen hori, izan zen zarzuela programa. Hortik ekainera arte, berriz, beste zerbait muntatu nahi genuen. Zerbait desberdina egitea erabaki genuen, gaurkotuagoa, eta erabaki genuen pop-rock musika sartzea, mundu koralera egokituta dauden abestiekin, eta kantu ezagunekin. Horregatik Pop-rock Arrakastak izenburua.

Zelako kontzertua izango da?

Kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenengoan obra sueltoak izango dira: oso ezagunak diren abestiak eta konponketak. Eta bigarrenean, Paul Barker ezagunaren meza. Hileta-meza bat da, letra dauka latinez, bost mugimendu ditu, baina musika da rockeroa eta instrumentazioa ere bai. Oso kuriosoa da, eta melodikoki oso polita da eta entzuteko oso atsegina. Bergaran egin izan da obra hau, eta egokia iruditu zitzaidan momentu honetan abesbatzarekin abesteko. Eta anplifikatuta joango da abesbatza, beraz, pentsatzen dut denak ondo funtzionatuko duela.

Esan genezake zapatuko emanaldia dela abesbatzaren ohiko jarraitzaileendako, baina baita jende gaztearendako ere bai, ala?

Bai, haiek ikus dezaten guk ere beste abaniko bat badugula. Musika korala da, ahotsetara doa, koro baten funtzionamendua dugu, baina beste musika mota bat ere egin daiteke, oso erakargarria dena beste ikusle mota batendako. Eta abeslariendako ere bai, ze hemengo abeslari askorendako ere gozada bat errepertorio hau. Talde oso ezagunak dira eta bere musika oso zabalduta dago.

Errepertorioa:

1. zatia:

  • You raise me up (R. Emerson)
  • Heal the World (M. Jackson)
  • Itsasoa Gara (Ken Zazpi)
  • Bohemian Rapsody (Queen)
  • Auqarius- Let the sunshine (G. MacDermot)
  • Haizea (Ken Zazpi)
  • Viva la vida (Coldplay)
  • Halellujah (L. Cohen)


2. zatia

      Roquiem (Paul Barker)

  • Kyrie
  • Sanctus
  • Benedictus
  • Agnus dei
  • In Paradisum

-----------------------------

  • Bakarlaria: Eider Varela (sopranoa)
  • Piano-jolea: Anabel Henao
  • Gitarra elektrikoa: Luis Gude
  • Baxua Nagore Sanz
  • Bateria: Aitor Aranburu