Erreferendum erabakitzailearen aldeko herri-ekimena abiatuko dute udazkenean

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 21a, 12:16

Gure Eskuk fase berri bat hasi du eta udazkenetik aurrera herri-ekimena abiatuko du erabakitzeko eskubidea estatus juridiko-politiko berriaren legezko oinarri bilakatzeko helburuarekin.

Ehun herritar inguru batu ziren atzo Gure Eskuk herri-ekimena aurkezteko antolatu zuen ekitaldian. Bertan, hitza hartu zuten Gure Eskuko hainbat kidek eta tartean Plaentxia Kantuan-eko eta abesbatzako kantariek, Txoriak txori, Agure zaharraren kanta (L'estaca) eta Gure Eskuren kantua abestu zituzten.

Pauso bat aurrera

Iñaki Amuategi Soraluzeko Gure Eskuko kideak azaldu zuenez, “pauso bat eman nahi da aurrera, benetako partidua jokatzeko. Euskal Autonomia Elkartean badago autogobernu ponentzia lantzeko taldea eta guk bultzada eman nahi diogu prozesu horri. Helburua da bozketa erabakior bat egitea eta horren bila goaz”.

Arkaitz Anza Oreretako Gure Eskuko kideak ere erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua “salto” bat ematera doala adierazi zuen: “Bost urteotan erabakitzeko eskubidea mahai gainean jarri eta sozializatzea lortu dugu. Tokian tokiko herri-galdeketen ildoa estrategikoa izan da eta 200.000 herritar baino gehiagok parte hartu dute. Modelo hori da garrantzitsua. Orain, salto bat eman nahi dugu erabakitzeko eskubidea erreferendum bitartez gauzatzeko”.

Udazkenean aurkeztuko dute bide orria. Neguan eta udaberrian elkarguneak sustatuko dituzte eta apiriletik ekainera bitartean abiatuko dute kanpaina, besteak beste, sinadura bilketa bideratzeko.

Oinarria, bazkideak

Gure Esku moduko gizarte mugimendu “autonomo” baten oinarria herritarren atxikimenduan dagoela jakitun, Gure Eskuk Egizu posible izeneko kanpaina jarri du martxan, orain arte mugimenduarekin bat egin duten herritarrak bazkide egin daitezen. Gainera, 'Plaza' izeneko plataforma digitala jarri dute abian, eta, besteak beste, bazkideek mugimenduaren gaineko informazioa jaso eta galdeketetan parte hartu ahal izango dute.

Erlazionatuak

BIDEOA. Gure Eskuren aurkezpena

Egoitz Unamuno 2019 eka 21 Gizartea

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.