Tertulian hasi zuten astelehenean I. Aste Osasuntsua Itxaropena erretiratuen elkartean, Japoniako Okinawa eta bertako bizilagunak aztergai hartuta. Juan Fernandezek, ekimenaren antolatzaileak esplikatu zuen moduan, okinawarrak dira luzaroen bizi diren munduko bizilagunak. 100 urtetik gorako pertsona gehien bertan bizi da.
Hori horrela, aztertu zituzten, besteak beste, japoniar haien elikadura, bizitza estiloa eta beste. Adibide modura, komunitatearen alde lan egitea barren-barrenean duten filosofietako bat da; eta baita ere jatorduak egitea elikadura eta osasuna aintzat hartuta, eta ez bakarrik plazera.
Zoriontasuna komertzializatuta
Atzo, berriz, filosofia praktikoa landu zuten, Eibarko Filolaula elkarteko Maria Iglesias adituaren eskutik. Adibide bat jartze aldera, Iglesiasek mahai gaineratu zuen gu bizi garen gizarte hau dela “jendea zoriontsu izatearren, zorigaiztoko egin duen lehen gizartea”, hain justu, gaur egun zoriontasuna “komertzializatu” egin dutelako.
“Leku guztietan esaten digute zela bizi behar dugun, zergatik eta zela izan behar dugun zoriontsu, telebistako iragarkiak ikustea besterik ez dago”. Jakinarazi zuen, ja Aristotelesengan ere kezka eragin zuela ikusteak jendeak nahiago zuelako kontsumoa, aberastasuna edo fama, beste gauza guztien gainetik.
Horrekin batera, besteak beste, esplikatu zuen filosofia sortu zela gauzak, bizitza, modu arrazionalean esplikatzeko beharrarengatik. Eta gero filosofiatik eratorri zirela gainontzeko diziplina guztiak: medizina, fisika…
Zoriontasuna, elikadura eta burua
Gaur, berriz, Zoriontasunaren bila izeneko tailerra landuko dute, norbere indargune eta ezaugarri pertsonalak identifikatu eta landuz zoriontsu izatera heltzeko zer egin daitekeen aztertu nahian. Bihar, berriz, elikadura osasuntsuaren oinarriak eta haren gaineko ideiak izango dira hizpide, eta astea borobiltzeko, ekologia mentala izango dute ardatz. Bestela esanda, modu kontzientean norberarentzat eta ingurukoentzat munduaz leku hobe bat egitea du helburu ekologia mentalak, zoriontasuna landuz eta pentsamendu eta emozio toxikoak alde batera lagaz.
Tailer-hitzaldi guztiak dira 18:00etan.