Uztailaren 12ra arte, gutxieneko zerbitzuekin funtzionatuko dute Gipuzkoako zaharren egoitzetan, ELA sindikatuak deituta, 26 eguneko greba abiarazi dute-eta, aste honetan. Helburua, honakoa: "Gipuzkoako Aldundiak bere gain har dezala orain dela hilabete ELA sindikatuak patronalarekin adostu zuen akordioa".
Bihar elkarretaratzea
ELA sindikatutik zera salatu dute, besteak beste: "Aldundiak du gatazka hau konpontzeko eskumena eta gaur egun arte arduragabekeria osoz jokatzen ari da. Aurreko astekoa adibide argiena da, Eusko Jaurlaritzak deituriko bilera batetara, patronalak eta sindikatuak agertu eta Aldundia espreski deitua zegoena ez zen agertu”.
Greba egiteaz batera, hainbat mobilizazio egingo dituzte Debarroko udalerrietan grebak iraun bitartean. Soraluzeri dagokionez, besteak beste, bihar, eguena, 19:00etan Plaza Berrian elkarretaratzea deitu dute, eta bariku goizean, berriz, auto karabana egingo dute, eskualdetik barrena, 10:30ean Bergarako Eroskitik abiatuko dena.
Horrekin batera, besteak beste, Bergaran zein Elgoibarren kanpaldiak iragarri dituzte, barikura bitartean. Eta hain justu, biharko, eguena, Bergarako kanpaldian egin dute “kedada” eskualde mailako langileendako, 11:00etan.
Soldata arrakala
Debarroko mobilizazioekin batera, Gipuzkoako bestelako eskualdeetan ere egingo dituzte protesta ekimenak: Donostian, Beasainen, Getarian eta Tolosan, esaterako.
Grebalariek salatzen dute, besteak beste, “emakume izateagatik” soldata arrakala jasaten dabiltzala: “Zaintza historikoki emakumeok egin dugun lana izan delako, etxean eta inongo soldatarik jaso gabe gainera. Gaur egun gizonezkoak lanean ari diren sektore pribatizatuekiko %30eko soldata arrakala pairatzen dugu, 6.000 euro gutxiago urtean, emakume izate soilagatik”.