Zirkulazioa lehengora eta geltokia estreinatuta

Ubane Madera 2019ko eka. 18a, 11:04

Iragarritako moduan, goizean Errabal kalea zabaldu dute zirkulaziorako, eta gaur arte Estaziñotik desbideratuta zegoen zirkulazioa Errabaletik birbideratu dute. Normal antzean gauzatu da aldaketa. Hori bai, izan da noski, akordatu ez eta Olako aldaparaino ailegatu eta han buelta hartu behar izan duten hainbat gidari. Bestalde, Zubi Nagusiko geltokia ere martxan da.

Atzo, astelehena, ipini zituzten Zubi Nagusiko elementu gehienak, jardinerak-eta, gaurko guztia gertu izan zedin, atzera ere zirkulazioa lehengora bueltatzeko. Eta horrelaxe izan da. Goizean kendu dituzte Olako-Estaziñoko semaforoak eta goizean bertan, udaltzainen laguntzarekin hasieran, ibilgailuen Eibarrerako-Elgoibarrerako noranzkoa Errabaletik bideratu da.

Halakoetan ohi denez, hori bai, izan da zirkulazio aldaketarekin akordatu ez den gidari bat baino gehiago. Hainbat, adibidez, Olako aldaparaino joan dira, egunotan moduan, handik herrira sartzeko asmoarekin, eta bertan buelta hartu behar izan dute, edo Santa Anarantz hartu.

Geltokia zubian

Bestalde, autobus geltoki nagusiaren estreinaldia ere izan da gaur goizean, eta haiek normal dabiltza, Eibarrera, Donostiara… doazen autobusak Zubi Nagusian gelditzen.

Hori bai, obra amaitzeko esandako data bete arren ere, zoritxarrez ohikoak izaten diren azken lan batzuk bukatzeke egotea. Eta gaurko kasuan ere halaxe da. Esaterako, Errabal-Zubi Nagusiko hiru zebra-bideak margotzeke daude; abiadura murrizketa agintzen duten seinale batzuk ipintzea alta da, eta besteak beste, erdigunea gorriz margotzea ere falta da. Ezustekorik ezean, hori datozen orduotan egingo dute.

Orain, berriz, atentzioa ematen du berriro ere Zubi Nagusia ibilgailuz beteta ikusteak; banatzaileak, hori bai, gustura izango dira, orain errazago dute-eta, banaketa-lanak egitea.