Elkartasuna eta festa bor-bor, Etxaburueta kalean

Ubane Madera 2019ko eka. 17a, 09:50

“Plaentxiatarren eskuzabaltasunari esker, 2.545 euro jaso ditu Aspanogi Elkarteak. Esker mila posible egin duzuen guztioi!!!” Zapatuko irudiek erakusten duten Aspanogi Egunaren ageriko arrakasta baieztatu egin dute egunaren antolatzaileek.

2.545 esker on helarazi nahi dituzte, bada, Aspanogi Egunaren antolatzaileek aurtengoak emandakoarengatik. 800 euro batu zituzten txartelen bitartez, 275 euro, berriz, jendeak musu-truk emanda; kamisetak eta bestelakoak salduta, 710 euro batu zituzten eta azkenik, ogitarteko erraldoiari esker, 760 euro.

Sekula baino lehenago

Batutako diruaz aparte, noski, azpimarratzekoa da zapatuan Soraluzen izan zen giro apartekoa. 30 metroko ogitarteko erraldoia sekula baino lehenago agortu zen, adibidez. Eta lepo egon zen herritarrez gainezka Etxaburueta kalea.

Eguerdikoari dagokionez, berriz, pirata gaztetxoz bete ziren Plaza Berria eta inguruak, umeendako izan ziren jolasei esker. Patata tortilla lehiaketari dagokionez, zortzi sukaldari-zalek parte hartu zuten bertan, eta azkenean, epaimahaiaren iritziz, Aitziber Mayorena izan zen tortillarik goxoena. Eta otarra, berriz, Zigor Gallastegik eskuratu zuen.