Legezko erreferenduma lortzeko ekimena aurkeztuko du Gure Eskuk eguenean

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 17a, 08:00

Soraluzeko Gure Eskuren ekitaldia, 2017an.

Datorren eguenean, Soraluzeko Gure Eskuk ‘Erreferendumaren aldeko herri ekimena’ aurkeztuko du Plaza Berrian. Ekitaldian, Gure Eskuko kide Arkaitz Anzak parte hartuko du, herriko musikari eta kantariekin batera.

Etapa berria abiatu zuen Gure Eskuk martxoaren 31an Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuen ekitaldian, eta etapa berri horretan, helburutzat ezarri dute “etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea”. Horretarako, datozen hilabeteetan erreferendumaren aldeko herri ekimena sustatuko dute, sinadurak bilduz.

Soraluzeko Gure Eskuk datorren eguen arratsaldean (19:00) aurkeztuko du ekimena Plaza Berrian. Iñaki Amuategi kideak azaldu digunez, “balio legala duen erreferendumaren aldeko kanpaina aurkeztuko dugu herrian, udazkenean abiatuko duguna. Kanpainaren helburu nagusia sinadurak batzea izango da, baina beste hainbat ekimen ere bideratuko ditugu. Gainera, Gure Eskuko bazkide egiteko aukera ere eskainiko dugu, bazkideak behar baitira mugimenduaren autonomia eta iraunkortasuna bermatzeko”.

Gure Eskuk jakinarazi duenez, ekitaldian herriko musikari eta kantariek parte hartuko dute eta baita Gure Eskuko kide den Arkaitz Anza errenteriarrak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.