Datorren astean margotuko dute erdigunea gorriz

Ubane Madera 2019ko eka. 14a, 18:02
Zubiko barandak ipintzen ibili dira gaur goizean, barikua.

Patria telesailaren grabaketetarako egin ziren moldaketak lehengoratzen joango dira datozen egunotan. Martitzenean ipiniko dituzte Plaza Zaharreko farolak, eta eguazten-eguenean margotuko dute erdigunea gorriz. Zubiko elementuak ere egunotan berrezarriko dituzte.

Apurka-apurka udalerria badoa azken hilabeteotan Patriak eten duen normaltasuna berreskuratzen. Errabal kalea zabaltzeaz gain, datozen egunotan lehengoratuko dituzte telesaila grabatzeko egin zituzten aldaketak.

Gaur, barikua, Plaza Zaharreko jarlekuak ipini dituzte. Astelehenean, gertu lagako dute guztia lehengo farolak jartzeko eta martitzenean ipiniko dituzte.

Jarlekuak eta beste

Zubi Nagusiari dagokionez, gaur, barikua, geltoki berriko baranda eta seinaletika ipini dituzte, eta egunotan bueltatuko dituzte bere lekura, jarlekuak eta jardinerak. Horrez gain, bueltan ekarriko dute Gaztetxearen aurreko telefono kabina ere.

Bestalde, eguaztena eta eguena bitartean, Santa Anako, Gabolatseko eta Zubi Nagusiko zorua gorriz margotuko dute. Ezozibidean, berriz, dagoeneko aldatu dituzte farolak, eta, baranda, berriz, datozen egunetan ipiniko dute.