Martitzenean zabalduko dute Errabal

Erredakzioa 2019ko eka. 13a, 16:11
Zubi Nagusian kokatuko dute erdiguneko autobus geltokia.

Ekainaren 18an, martitzena, zabalduko dute Errabal kalea zirkulaziora. Horrek esan nahi du lehengora bueltatuko dela  ibilagailuen joan-etorria udalerri barruan, eta autobus geltoki nagusia Zubi Nagusian egongo dela, herri-galdeketan erabakitakoarekin segituz.

Erremate lanak egiten dabiltza egunotan Errabal kalean. Bereziki, botatako etxeen aurreko aldea txukuntzen. Eta datozen egunotan bukatuko dituzte urbanizazio obrari dagozkion gainontzekoak.

Horrez aparte, Zubi Nagusiko jarlekuak eta jardinerak bihar ekarriko dituzte Patria-koek. 

Norabide bakarrekoa

Izan ere, martitzenean zabalduko dute Errabal kalea zirkulaziora. 

Hori horrela, Estaziñoko errepidea norabide bakarrekoa izatera pasatuko da berriro. Bertako semaforoak kendu egingo dituzte, eta Eibarko noranzkoan dagoen markesina SAPAra eramango dute. Era berean, Ezozibidean behin-behinerako egokituta zegoen geltokiko haima ere erretiratuko dute.

Izan ere, Errabal zabaltzeaz batera, Zubi Nagusian izango da aurrerantzean autobus geltoki nagusia, herritarrek galdeketan erabakitakoari segituz.

Bertarako markesina enkargatuta dauka Udalak; seinaletika, berriz, egunotan lekualdatuko dute. Eta Lurraldebus eta Pesa aldaketen jakinaren gainean daude.