Baltegietan geratuko dira

Ubane Madera 2019ko eka. 14a, 09:49
Baltegietako edukiontziak.

Zubi Nagusiko eta Errabal kaleko lanak bukatu ondoren ere, zubian zeuden edukiontziak, lurrazpikoen ordez ipinitakoak, Baltegieta kalean geratuko dira, gaur egun dauden toki berean. Kokaleku horretan inori ez diotela “eragozpenik” egiten hartu du Udalak kontuan, eta baita herri estetika ere. 

Geltokiari buruzko herri-galdeketan erabakitakoarekin aurrera eginez, autobus geltokia zubian ipini ahal izateko bertan zeuden lurrazpiko edukiontziak kendu egin behar izan zituen Udalak.

Haien partez, ohiko edukiontziak ipini zituen, zubian, gaztetxearen ondoan. Eta ondoren, Baltegieta kalera lekualdatu zituzten, kiroldegi ondora, Patria telesailaren grabaketengatik.

Bada, erdigunean egin beharreko obrak egin ondoren ere, edukiontziak orain dauden lekuan geratuko direla erabaki du Udalak. Iker Aldazabal jarduneko alkatearen esanetan, orain dauden lekuan ez denez bizilagunik bizi, “inori ez diote eragozpenik eragiten”. Hori eta “herri estetika” aintzat hartuta erabaki dute bertan lagatzea.