Balkoirik ederrenak

Ubane Madera 2019ko eka. 11a, 16:04

Maria Lourdes Vazquez, Iker Aldazabal eta Imielda Jesus Mateo, sari banaketan.

Gaur banatu dituzte aurtengo Balkoi eta Leihoetako Lore Lehiaketako sariak: Lourdes Vazquezek eskuratu du lehena, eta Imielda Jesus Mateok bigarrena. Biek ala biek urteak daramatzate lehiaketan parte hartzen eta Lourdes Vazquezek urtero eskuratu du sariren bat. Alkateak eman dizkie sariak goizean.

Ezozibide kaleko 28. zenbakian lorez betetako balkoi ederra dauka: “Surfiniak, alegriak, begoniak, kolore berezietako lore ezohikoak… denetik daukat. Ezin da ezta  balkoira irten ere egin, dauden lora guztiengatik”, kontatu du Maria Lourdes Vazquez Barrenetxeak gaur goizean, aurtengo Balkoi eta Leihoen Lore Lehiaketako sari banaketan.

Bera izan da, hain justu, aurtengo irabazlea; eta bigarren izan da Imielda Jesus Mateo, Baltegieta kaleko 26. zenbakiko balkoietan dituen loreengatik. Iker Aldazabal alkateak eman dizkie sariak goizean, Plaza Berrian: 150 euro lehenengoari eta 75 bigarrenari.

Loreak maite

Vazquezek zein Mateok, biek ala biek urteak daramatzate lehiaketan parte hartzen.  Are gehiago, Maria Lourdes Vazquezek urtero parte hartu du lehiaketan eta urtero eskuratu du sariren bat.

Biziki maite ditu loreak, eta ezagun da hori kaletik ikusten den balkoian. Kontatu du orain dituen lore gehienak apirilean landatu dituela.

Imielda Jesus Mateori dagokionez, hura ere loreen zale handia da. Neguan zein udan, udaberrian zein udazkenean; urte osoan ditu balkoiak lorez jantzirik. Berak dioen moduan, “bizitza osoan” ibili da loreak zaintzen.