Iker Bicente nagusitu zen Ezoziko Jaietako erakustaldian

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 11a, 09:47

Iker Bicentek eta Aitzol Atutxak aizkora erakustaldi ikusgarria eskaini zuten domekan Ezozin. Otsagabiarra nagusitu zen segundu batzuen aldearekin. 

Eguerdiko meza amaitu eta berehala, Eneko Beretxinaga eta Jokin Bergara bertsolariek heldu zioten mikroari eta bertsotan egin zioten sarrera ondoren etorri zen aizkora erakustaldiari.

Plazan ehun eta berrogeita hamar bat lagun zirela ekin zioten Bicentek eta Atxutxak tenteko egurrak mozteko lanari. Ostean, kanako bina egur ebaki zituzten, eta, segundu gutxi batzuengaitik izan bazen ere, Bicente nagusitu zitzaion Atutxari. 

Ikusleek txalo artean agurtu zituzten aizkolariak eta neska-mutikoek laster salto egin zuten plazaren erdira ezpalak batzera. Horrelaxe, goiz parteko jaia pasatuta, amaitu ziren aurtengo Ezoziko Jaiak, ohikoa baino laburragoak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.