Biderkatu egingo dituzte mobilizazioak

Ubane Madera 2019ko eka. 11a, 09:24
Herritar taldea atzo, pentsioen aldeko elkarretaratzean.

Euskadiko eta Nafarroako Pentsionisten Plataformek iragarri dute, besteak beste, irailetik aurrera “ekimenak eta mobilizazioak biderkatuko” dituztela, gizarteko beste hainbat sektoreekin elkarlanean. Halaxe jakinarazi zuten atzo, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzean. 75 bat soraluzetarrek bat egin zuten protesta ekimenarekin.

Hauteskundeen ondoren, datorrenari begira ipini, pentsiodunek pentsioen modeloaz eta pentsio publikoei buruz “erabakitzeko eskubidea” dutela esan, eta atzoko elkarretaratzean iragarri zuten udan asteleheneroko bilkurekin segitzeaz aparte, irailetik aurrera “biderkatu” egingo dituztela pentsioen aldeko mobilizazioak.

Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du asmoarekin, besteak beste, azpimarratuz “indar politiko aurrerakoiek” pentsiodunen eskubideak onar ditzaten “nahikoa presionatu lezakeen mugimendu bakarra” dela pentsiodunena.

Dirua badago

Eta berretsi egiten dute “pentsioak bermatzeko eta hobetzeko” funts nahikorik egon badagoela, “nahikoa da aberastasunaren %13a horretara bideratzea, Frantziak, Italiak edo Austriak egiten duten moduan. Pentsio publikoen sostengarritasuna lortzeak borondatea izatea baino ez du eskatzen”, diote.