“Bataz beste, duela berrogeita hamar urte baino ordubete gutxiago egiten dugu lo” Elena Urrestarazu

Egoitz Unamuno 2019ko eka. 7a, 11:21
Elena Urrestarazu.

Elena Urrestarazu Bolunburu medikua (Soraluze, 1972) loaren aditua da eta Nafarroako Unibertsitatea Klinikan egiten du lan, loaren unitatean. Gaur egun, Barañain herrian bizi da. Loaren gaineko kontuez jardun dugu berarekin.

Zein da zehazki zure lana?

Nik loaren gaixoak begiratzen ditut. Begiratzen dugu buruko aktibitatea, muskuluena, arnasa. Zela egiten duen lo, berba egiten duen… Helburua izaten da diagnostiko bat egitea. Inguruotan Gasteizkoa da loaren unitaterik onena.

Zein dira artatzen dituzun arazorik ohikoenak?

Gehienak izaten dira insomnio edo amnea kasuak, sonanbulismoa eta abar… Arratsaldez etortzen dira, lo egiten dute kableak ipinita eta hurrengo goizean jakiten dugu zer gertatu den.

Zergatik da garrantzitsua loa ikertzea?

Loa ezinbestekoa da gorputza errekuperatu dadin. Ez dakigu zergatik den ezinbestekoa baina hala da. Badakigu, arratoiak hamalau egunetan lorik egiten ez badute, hil egiten direla. Pertsonekin dakiguna da lorik ez egiteak arazo asko sortzen dituela.

Gaur egun ikerketa bideratuta dago jakitera zein ondorio dakartzan lorik ezak. Badakigu eragiten duela egoera animikoan, memorian, infekzioetarako arriskuan, hipertentsioa, minbizi mota batzuk, loditasuna… Nekea deitu izan diogunetik haratago doa, eta hori tratatu ahal izateko eta jendeak kontzientzia har dezan, ikertu beharra dago.

Oro har, gure kulturan zer garrantzi du loak?

Gero eta garrantzi gutxiago ematen diogu. Bataz beste, duela berrogeitamar urte baino ordubete gutxiago egiten dugu lo. Lehenago garrantzia handia ematen zitzaion lo egiteari, baina gaur egun, egunean zehar egiten duzu egin behar duzun den den dena eta sobratzen dena ematen diogu loari. Ez diogu behar besteko garrantzirik ematen. 

Pertsonaren adinak zenbateko eragina du loan?

Uste dugu normala dela zahartu ahala lo hartzeko arazo gehiago izatea. Ez da egia. 70ekin ez da 18rekin bezala lo egiten, baina garrantzitsuena da hurrengo egunean ondo egotea. Horrekin nahikoa da. Egingo dituzu sei ordu, zazpi edo zortzi, baina garrantzitsuena da goizean ondo egotea.

Pertsona bakoitzak du bere neurria?

Bai, batazbestekoa 7-8 ordukoa da baina batzuk nahikoa izaten dute sei ordu lo eginda eta beste batzuk zazpirekin ez dute nahikoa. Genetikoa da. Badirudi, gutxienekoa bost ordu lo egitea dela eta gehiena hamaika ordu. Hala ere, kaltegarriagoa da lo gehiegi egitea lo gutxiegi egitea baino. Ez dakigu zergatik, baina hala da.

Azaldu hori.

Ikusi da zazpi ordu baino gutxiago lo egiten dutenen artean osasun arazoak gehiago direla baina arazoak are larriagoak direla bederatzi hamar ordu lo egiten dituztenen artean. Orokorrean, hobe da sei ordu lo egitea hamar ordu lo egitea baino.

Jende askok asteburuetan lo gehiago egiten du astegunean lo gutxiegi egin duelako. Astegunean nahiko lo egin baduzu, asteburuan ez duzu gehiago lo egin beharrik izango.

Hazi egin da loarekin arazoak dituen jendearen kopurua?

Ez dakigu, lehen ez zelako ikertzen. Baina insomnioa asko hazi da, hirietan argi asko eta zarata handia dagoelako.

Bizi-ohiturek ere eragingo dute?

Bai, noski. Heltzen zara etxera berandu, gero afaldu eta gero telebista pixkat bat, familia, mobila, liburu bat… Eta hamabiak edo ordubatak jotzen dute lasai asko. 

Hemen jenderik gehiena lotara joaten da hamaiketan edo hamabietan. Beste herrialde batzuetan, adibidez, Frantzian, jendea hamarretarako ohean dago, Alemanian lehenago. Mundu guztian da horrela, Italian eta Portugalen ere bai, hemen izan ezik. Arraroa dena da hemengoa. Telebistako prime time-a izatea 22:30ean edo 23:00etan.

Loaren elkarteak medioei eskatu die prime time-a aurreratzea baina haiek diote ikusleek aldatu behar dutela hori. Telebistaren aurretik ez dakit zela genbiltzan… Birramonari galdetu behar…

Azken aldian asko aipatzen da vamping kontzeptua.

Bai, jende asko sartzen da ohera mobila edo tableta hartuta eta horrek loa galarazten du, argiak melatonina gutxitzen duelako eta pentsamentua aktibatzen duelako. Egunez orduko 500era goaz, ohera sartzen gara orduko 500era eta nahi dugu bapatean 0-ra pasatzea. Ba ez, frenatzen joan behar da.

Aipatzen da gehiegi medikatzen garela loaren arazoei aurre egiteko. Hala da?  

Bai, nagusietan oso zabalduta dago gehiegizko medikazioa. Esaterako, Orfidala. Teorikoki lotarako pastilak errezetatzen dira lau-bost astetan hartzeko, baina pertsona gehienak ez dira gogoratzen noiz hasi ziren hartzen. Errezetatu behar lirateke pastilarik behar ez duten tratamenduak baina denbora gehiago behar dutenez… Gainera, askotan hartzen dira auzokoak gomendatutako pastilak “neri ondo doakit” eta horrela ezin da.

Zein da alternatiba?

Amnea bada, beste arazo bat da, baina, bestela, terapia kognitibo konduktuala da bidea. Doitu behar da ohean egiten den denbora lotan ematen dugunarekin. Ohean egiten dugun denbora gutxitu eta bertan ematen dugun denbora hobeto eman, estimuluak kontrolatuz. Ze, ohean egotea eta lo egitea ez da gauza bera.

Esaterako, lorik egin ezin dugunean, hobe da jaikitzea eta zerbait egitea berriz loguratu arte, ohean bueltaka ibiltzea baino. Ikasketa prozesu bat da. Gehiena aholkatzen dena egun osoan zehar mindfullnessa egitea da. Norbere pentsamendua enfokatzen laguntzen du. Sei aste inguru behar izaten dira emaitzak ikusteko. Horrek funtzionatzen du.

Zure ustez, zer egin beharko genuke ondo lo egiteko?

Goizean, eguna argitsu dagoenean, paseatzea oso ona da gero gauean ondo lo egiteko. Pastilak hartzea baino hobea. Arratsaldean lasaitu egin behar da eta gauean kontuz ibili gehiegizko argiarekin. Goiz afaldu eta arin, baina goseak gelditu gabe. Esne beroa hartzea ere ona da eta keixak jatea ere bai.

Keixak?

Bai, laguntzen dute melatonina sortzen.

Eta siesta egitea?

Ona da hamar-hogei minutu egitea, ez gehiago, bestela gaueko loari kentzen zaio eta. 

Badago jende hontza, gauez aktibatzen dena eta jende horrek askotan amaitzen du gaueko txandetan lan egiten. Eta badira kalandriak (txori mota), goizean goiz jaikitzea gustatzen zaienak. Azken horiek gutxiago dira. Gaztetan gehienok izaten gara hontzak eta zahartu ahala kalandria bihurtzen joaten gara. Hori da erloju biologikoak prestatuta ditugulako gaztetan gauez ibil gaitezen eta zahartu ahala goizago jaiki gaitezen. Horretarakoxe gaude prestatuak. Hori jakinda, esate baterako, Estatu Batuetan proposatu dute eskolak beranduago jartzea, pertsonaren fisiologiari hobeto egokitzeagatik eta errendimendua hobea delako. 

Zuk ondo lo egiten duzu?

Nik bai. Astegunean gutxiegi eta asteburuetan marmota bat naiz. Baina hori ez da ona eh! Hori da erretzen duen medikuarena moduan.