Mikel Gorosabel: "Badauka bere xarma Soraluzen jotzeak"

Ubane Madera 2019ko eka. 6a, 11:24
Mikel Gorosabel Elgetako kontzertuan.

Bihar, barikua, EH Sukarra talde eibartarrak Arrano tabernaren kanpoko aldean kontzertua eskainiko du, 20:00etan hasita. Mikel Gorosabel Norton liderrak, Loiola Madera (bateria) eta Cesar (baxua eta koruak) izango ditu taldekide. EH Sukarraren kantu klasikoak eta berriak eskainiko dituztela kontatu dio Plaentxia.eus atariari Mikel Gorosabelek.

Zelako kontzertua eskainiko duzue Soraluzen?
Joko ditugu kantu zaharrak eta berriak, ezagunenak eta berrien artean arrakasta gehien izan dutenak, eta noski, gehien gustatzen zaizkigunak ere joko ditugu.

Berezia da EH Sukarrarendako Soraluzen jotzea kontuan hartuta lehen kontzertua bertako gaztetxean jo zenutela?
Bai, badauka bere xarma. 29 urte izango dira bertan jo genuela, oso akordu ona daukat. Orduko desparpajua… oso intentsua izan zela gogoratzen dut, emozio asko mugitzen ziren sasoi haietan.

Hain justu, 30. urteurrena ospatzen zabiltzate, ala?
Orain gabiltza Sukarra Zugaz bira egiten; formatu txikiko kontzertu politak ematen gabiltza.

Nondik nora egin duzue orain arte, eta nondik norako asmoa duzue?
Laugarren kontzertua izango da Sukarra Zugaz biraren barruan. Arantzako aterpean jo genuen maiatzaren 11n, gero Getarian maiatzaren 25ean, Elgetako Espoloian ekainaren 1ean eta Soraluzekoa izango da laugarrena. Hurrengo hitzordua urrian dugu, Barakaldon Mendigo aretoan, eta irteten doazenak hartuko ditugu. Horrez aparte, hurbil dago EH Sukarraren 30. urteurrena, eta ikusiko dugu ea nola planteatzen dugun.

Barne Basoan Barna izeneko bakarkakoa ere atera duzu zerorrek. Epe ertain-luzean proiektu biak (EH Sukarra eta bakarkakoa) uztartzen segitzeko asmoa duzu?
Eibarren aurkeztu nuen diskoa, bai, eta bakarkako errepertorioa ere badut, Loreleiren, EH Sukarraren, Norton Klubaren eta Barne Basoan Barna diskoko kantuekin osatuta. Ordubete inguru eskaintzen dut zuzenean, era akustikoan. Formatu txikian jotzen dut, bakarrik gitarra eta teklatuarekin.

Azkenean deitzen badidate, ahal badut joan egiten naiz. Ez daukat hiruko erregela finkorik. Kontua da, gaur egun ez dugula jotzeko aukera handiegirik; orain tributuak, bertsioak, berbenak… nahiago izaten dituzte gehienetan ikusleek; adibidez, DJ bat Euskal Herriko kanta ezagunak jotzen, musika originala baino… kantu ezagunak entzutea nahi du jendeak. Gazteek disko osoak apenas entzuten dituzte, eta hori ere ari gara sufritzen sortzaileek, nahiz eta gero zuzenean ikusten gaituztenean flipatu egiten duten, baina promozio larregi ez dago euskal musikarentzat. Hala ere, norberak aurrera egin behar du eta kito.

Besterik nahi baduzu gaineratu…
Ea bada jendea animatzen den biharko kontzertura, eta jai giroa sortzen den.