Normaltasuna berreskuratzen

Ubane Madera 2019ko eka. 5a, 12:04

Atzo eta herenegun gaizki-egon nabarikoa sortu zen udalerriko askoren artean, Patria telesailaren grabazioek eragindako aparkaleku gabeziarengatik, batik bat. Izan ere, Erregetxeko aparkalekua egun osoa hutsik egon zen, nahiz eta telesailekoek arratsaldera arte grabaziorik ez egin. Gaur, dagoeneko, herriko erdigunea normaltasunera bueltatu da, dekoratuak desmuntatuta eta edukiontzi guztiak bere lekuan.

Azken grabazio egunak egiten dabiltza Patria-koak Soraluzen. Zehatzago esanda, barikuan dute azkeneko hitzordua, Errekalden, 18:30etik 05:30ak arte.

Eta listo. Horrekin bukatuko dute Soraluzeko jarduna, askoren lasaitasunerako. Ze azken bi egunotan kexu ugari entzun da, aparkatzeko ezintasunarengatik. Izan ere, eta herritar batek bidalitako foto-muntaiak erakusten duen moduan, Erregetxeko aparkalekua (60 bat leku dituena) huts-hutsik egon da egun osoz, nahiz eta grabazioak arratsaldera arte ez izan.

Horri buruz Udaltzaingoan galdetuta, esplikatu dute horrela izan dela Patria-koek eurek horrela eskatu dutelako, ze bestelako egun batzuetan, nahiz eta ez aparkatzeko esaten duten seinaleak ipinita egon, askok ez dituzte errespetatu, eta horren ondorioz, etengabe eta azken orduan ibili behar izan dira bertan lagatako ibilgailuak erretiratzeko eskatzen.

Seinaleak kenduta Errekalden

“Adibidez, Errekalden ipinita genituen seinaleak barikuko grabaziorako, plastikozko zorroetan sartuta euriak ez hondatzeko. Bada, gaur kartelak plastikoetatik aterata zeuden, eta ipinita genituen hesiak baztertuta. Gaur, berriz, 08:00ak arte itxita mantendu da Erregetxea, edukiontziak eta mini-garbigunea bere lekuan ipini arte, baina dagoeneko guztia normal dago. Eta egin dituzten grabazio-egun guztietan, zorionez, behin bakarrik deitu genion garabiari auto bat erretiratzeko, eta izan zen jabea oporretan zegoelako eta ahaztu egin zitzaiolako berau erretiratzea”, esplikatu dute.

Gauzak horrela, bada, dagoeneko berrantolatuta dago Erregetxea, aldaketa txiki batekin: “Beiraren edukiontzia besteekin batera ipini dugu, ze usaina botatzen zuela-eta, kexu ziren pareko bizilagunak. Orain, beiraren edukiontzia zegoen lekuan, mini-garbigunea kokatu dugu”, esplikatu du Gotzon Odriozola udaltzainburuak.  

Erregetxea berrantolatuta, eta erdiguneko dekoratuak ia guztiz desmuntatuta, bada, apurka-apurka herria badoa normaltasunera bueltatzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.