Astelehenean bukatuko da Berenjena Eguneko bazkarirako izen-ematea

Ubane Madera 2019ko eka. 5a, 09:28
Berenjena Eguneko kartela.

Ekainaren 29an, zapatuan, eguerditik iluntzera arteko jaia antolatu dute herriko gazteek, Berenjena Eguna izenez bataiatu dutena. Estreinaldia izango du egun horrek herrian, eta ekitaldien artean bazkari erraldoia egingo dute gazteek frontoiko aterpean. Bertarako izen-ematea astelehenean bukatuko da.

Sare sozialak baliatuta, udalerriko 100 bat gazte mobilizatu ziren iaz azaroaren hasieran, "gazteendako egun bat antolatzeko" helburuarekin, "Gaztañerretik herriko jaiak iritsi bitartean, gazteendako zerbait faltan igartzen" zutelako, antolatzaileetako batzuek esplikatu dutenez.

Urte hasieratik

Hori abiapuntu hartuta, urte hasieran ekin zioten lanari, egunaren nondik norakoak zehazteko. Harrezkero, herriko hainbat gazte-koadrilatako ordezkariak elkartu dira, eta horren emaitza da Berenjena Eguna, propio gazteei eurei zuzendutako eguna izango dena.


Egunak duen izen bitxiari buruz, berriz, esplikatu dute ez duela aparteko arrazoirik: "Berenjena Eguna izena pertsona batek ipini zion, baina ez du aparteko azalpenik, berari bururatu zitzaion, eta horrelaxe laga dugu".

Bazkaria 8 eurotan

Txupinazoarekin hasiko dute eguna, Zubi Nagusian 12:30ean. Ondoren, 13:00etan, kalez kale ibiliko dira, bertso-poteoan, Jokin Bergara (eibartarra) eta Manu Goiogana (irundarra) bertsolariek girotuta. 15:00etan, berriz, mahaiaren bueltan elkartuko dira bazkaltzeko, frontoiko aterpean. Txartelak salgai daude, Edurtza eta Bolia tabernetan, eta gehienez ere 150 lagunendako lekua izango da. Txartelak 8 euroan eskura daitezke, ekainaren 10a bitartean. Bazkariko menua Txurruka jatetxetik ekarriko dute. 

Bingoa, elektrotxaranga…

Ondoren, bazkalostea girotzeko, bingoan jardungo dute.19:00etan atzera ere kalez kale ibiliko dira, Mendaroko Motxailaband elektrotxarangarekin dantzan.

Behin aurtengoa eginda, Berenjena Egunaren antolatzaileen nahia da egun hori egonkortzea.