Azken bi egunak

Ubane Madera 2019ko eka. 4a, 11:13

Atzo, astelehena, ia udalerriko erdigune osoan errodatzen ibili ondoren, bi egun besterik ez dira falta Patria telesailari dagokion Soraluzeko jarduna bukatzeko: gaur, martitzena, 17:30etik 04:30ak arteko baimena dute eskatuta Bolia tabernaren inguruan grabatzeko; eta barikuan, Errekalden ibiliko dira, gau-goizalde partean.

Batzokiko (Pagoeta taberna) eta Txokoko terrazak figurantez bete zituzten atzo Patria telesailaren errodajea dela-eta. Soraluzetarrekin batera, bertan izan ziren Ermutik, Eibartik, Zumarragatik, Gasteiztik… etorritako figuranteak, asko iada ezagunak. Kalebarren ere okupatu zuten errodajerako, 80ko-90eko hamarkadako ibilgailuz, besteak beste. Eta udaletxe aurrean ere ibili ziren grabatzen.

Gaurkoari dagokionez, Bolia tabernaren kanpoko zein barruko aldean errodatuko dute, taberna Arrano bilakatuz telesailerako. 17:30etik 04:30ak arteko baimen eskaera egin dute, eta Erregetxe osoa libre lagako beharko da gaur 15:30erako.

Barikuan 05:30ak arte

Eta Soraluzeko errodajeak barikuan bukatuko dira. Errekalde kalearen 31. zenbakitik 33. zenbakirainoko tartean grabatzeko baimen eskaera dute eginda, 18:30etik 05:30era bitartean.

Hain zuzen ere, atzo grabazio horren entsegua egin zuten, besteak beste, garabi handia erabili behar dute-eta Soraluzeko azken hitzorduari dagozkion eszenak grabatzeko, telesailean azaltzen diren ETAkideen ihesa grabatu behar dutelako, Errekaldeko hainbat etxetako terrazetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.