Dantzarako grina bizi-bizi

Ubane Madera 2019ko eka. 3a, 10:09

Debagoieneko eta Soraluzeko dantza-taldeek eta txistulariek dantzaz jantzi zituzten atzo, domeka, Soraluzeko auzoak eta kaleak. Bero zapari aurre eginez, gogotsu jardun zuten eguzkipean, jende mordoxkaren begiradapean. Artisau azokan ere atseden larregi barik ibili ziren herriko eskulangileak zubian.

Txankarrankoa, banakoa, fandangoa, zazpi jauziak… halako eta bestelako euskal dantza tradizionalak bertatik bertara ikusteko aukera paregabea eskaini zuten atzo Debagoieneko dantzari gazteek.

Kalerik kale jardun zuten lehenengo, eta ohi denez, plazan egin zituzten goizeko zein arratsaldeko saio nagusiak, alardeak, talde guztiek elkarrekin. Plaza Zaharraren gerizpean begira izan zituzten kanpoko eta bertako ikusle ugari, eta haiek txaloekin eskertu zieten dantza saioa, horrenbeste dantzarirekin, ikusgarria izan zena.

Bestalde, Euskal Jaiaren bueltan zubira atera zituzten postuak Soraluzeko eskulangileek. Haiek ere izan zuten lana, ikusle eta erosle nahikotxo ibili zen-eta artisau azokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.