“Dantza kontenporaneoa gero eta gehiago ikusten da euskal dantzarien artean” Laura Perez

Egoitz Unamuno 2019ko mai. 31a, 13:53
Laura Perez.

Laura Perez baxenafartarra Zarena Zarelako dantza taldeko kidea da eta musikari moduan parte hartzen du Hariz Hari ikuskizunean. Soinujole ikasketak egin ditu Baionako kontserbatorioan eta trikitixa irakaslea da Xiberoan. Lotura berezia du Soraluzerekin, Ilde Perez soraluzetarraren alaba den partetik.

Kontaiguzu nor zaren. 

Laura Pérez naiz, 27 urte ditut eta Behaskane herrian bizi naiz. 8 urtetan sartu nintzen Donapauleko musika eskolan eta 17 urteak arte ari izan naiz han solfeoa ikasten eta trikitixa kurtsoak hartzen, Patrik Larralde irakaslearekin. Batxilergotik landa Biologiako ikasketak eraman ditut ikerketa Master-a atera arte 23 urterekin. Arlo horretan lana atzemaitea ez baita errexa, musikarengana berriz itzuli naiz trikitixa irakasle izaiteko asmoarekin. Aski fite atzeman dut trikitixa irakasle lanpostu bat  Xiberoan, eta ber urtean, 2016an  Baionako kontserbatorioan sartu naiz, DEM (Diplôme d'études musicales) lortu dut joan den urtean eta orai DE (Diplôme d'état) formakuntza batekin segituko dut heldu den irailean Bordaleko kontserbatorioan.

Ibilbide artistikoari dagokionez, gaztetan 18 urtetan sartu nintzen Burgaintzi dantza eta musika tradizional taldean eta geroztik haiekin segitzen dut urtez urte ikusgarriak muntatzen eta emaiten. Duela hiru urte egin nuen Pascale Lascano koregrafoaren ezagutza, Burgaintziren 40 urteen ospatzeko ikusgarria sortu baitginuen berekin. Geroztik, Zarena Zarelako bere dantza tropan sartzea proposatu zigun Burgaintziko beste musikari batzuekin, eta horrela eraman ditugu berekin beste bi projektu: Giz'Arte eta Hariz Hari ikusgarriak.

Zuk aspalditik duzu harremana Soraluzerekin.

Soraluzerekin dudan harremana familiatik heldu zait, aita hor bizi izan baita eta bere familiaren parte bat hor bizi baita (aita, anaia, arreba eta baita kusi batzu ere). Beraz, ttipidanik joaiten ginen noiztenka asteburu batzu haien bisitatzera eta urte guziz eguberri eta urtatseko bestak haiekin pasatzera. Hortik kanpo nere anaiekin ez dugu beste erlaziorik sortu Soraluzeko jendearekin, beraz, herri horrekin dudan harremana familiarra baizik ez dela izan errango nuke orai arte. Baina hori aldatzen ari dela dirudi, gaur egun beste aukera batzuek erakartzen bainaute Soraluzerat...

Ekainean bi aldiz etorriko zara Soraluzera. Lehenik, ekainaren 1ean, Trikitixa Egunean, trikitilari gazteekin.

Trikitixa egunera etortzeko aukera piztu da nere aitari esker, amikuzeko Trik'Amik elkarteko zuzendari gisa garaian antolatu baitzituen ginen trikilari gazteentzako ateraldiak trikitixa egunera (eta urte batez Soraluzerat etorri ginen). Orduan, aitak aipaturik, Amikuzeko musika eskolako Serge Labescau zuzendariarekin antolatu dugu ateraldia aurten. Hiru musika eskolako haurrak etorriko dira: Xiberoko musika eskolakoak, Donapaulekoak eta Ezpeletakoak. Espero dut haurrek egun hortaz untsa goza dezaten, eta hegoaldeko trikilarietaz inspira diten! Horrelako ateraldi eta trukaketak izigarri onuragarriak dira musikarako interesa eta motibazioa haunditzen baitituzte!

Ekainaren 8an, berriz, Erromerixa Egunera etorriko zara Hariz Hari dantza ikuskizunarekin.

Hariz Hari, gure gusto eta nahietarik sortu den dantza/musika ikusgarria da. Bakotxak proposatu ditugu maite genituen kantu eta musika zatiak, eta horrela, hariz hari muntatu ditugu piezak eta dantzak denen artean ordu bateko ikusgarria lortu arte.

16 kideko neska-taldea gira: hamar dantzari, bost musikari eta Pascale Lascano koregrafoa. Harek mutikoak baizik dantzarazi zituen bere aitzineko proiektuan, horregatik hurrengoa neskekin bakarrik sortzea zuen nahia.

Ikusgarri hori berezia da musika/dantzak eta kantuak osatzen baititu erdi-erdi, estilo eta kultura desberdinetako musika eta kantuak nahasiz. Ahantzi gabe musika gehiengoak musikarien sorkuntzak direla. Nik musika zatien muntaketan parte hartu dut beste musikariekin batera, dantzarekin ahal bezain untsa koordinatuz, eta kantuetaz okupatu (adibidez, tonalitateak eta botz desberdinak finkatuz). Eta ikusgarrian trikitixa, pianoa eta perkusioa jotzen ditut.

Zer da Zarena Zarelako?

Zarena Zarelako amatore tropa bat da Benoit Lamerain musikariak (txistularia) sortua 2006an, sorkuntza originalen bitartez euskal dantza sustatzeko eta baloratzeko. Gaur egun Pascale Lascanok du zuzendaritza eta elkarte hori leku guzietarik heldu diren dantzarietaz biltzen ditu, desberdinak izan litaizkenak ikusgarri/proiektuen arabera. Musikariak aldakorragoak dira puntualki parte hartzen baitute projektu batean edo bestean.

Azken aldian aipatu da dantzak loraldi berri bat bizi duela Iparraldean. Somatzen duzu halakorik?

Bai, iduritzen zait Iparraldean dantza ikusgarri anitz ikusten direla azken urteetan, izan dadin amateur mailan edo profesional mailan. Gero eta talde gehiagok sortzen dituzte ikusgarri berriak, tradizional oinarritik abiatzen diren berrikuntza batzu ekarriz. Berrikuntza hori dantzan nabaritzen da sortzen diren koregrafia berriekin, baita musikan ere sorkuntzen bitartez. Dantza mota desberdinak ere nahasten dira, kultura desberdinetakoak, baita ere estilo desberdinetakoak. Batez ere, dantza kontenporaneoa gero eta gehiago ikusten da euskal dantzarien artean. Horrela zabalagoa  den publiko bat hunkitzen da, modernitatearen sartzeak bere zerikusia duela errango nuke beraz Iparraldeko dantzaren loraldi honetan.

Zure ustez, zer garrantzi du dantzak euskal kulturaren barruan?

Dantzak leku haundi bat okupatzen du euskal kulturan eguneroko bizian, gehiengo ekitaldietan beti presente baita. Ttipidanik dantzan hasten gira dantza taldeetan sartuz (ikastolan ere dantza anitz egiten da urtean zehar), haunditzean ikusgarriak emaiten ditugu han eta hemen, eta talde batean sartua izan gabe ere berantago denak ari gira dantzan ospakizun desberdinetan (ihauteri, kabalkada, pastorala...) eta bestetako dantzaldietan eta. Euskal dantza beraz urte osoan eta adin guzietan biziki presente da euskal kulturan.

Nola behar da uztartu tradizioa eta berritzea?

Tradizioa uztartzen da tradizioa bizituz sinpleki, eta ondokoei transmitituz orai arte egin den bezala. Gainera, orain, gure generazioak euskal dantzan berritasun anitz sartzen ditu, gure tradizioan aktore bilakatzen gira, beraz, eta horrek harekin dugun harremana azkartzen du nere iduriko! Beraz, segi dezagun aktore izaiten tradizioak bide onean segitzen duela segurtatzeko.

Erlazionatuak

'Hariz hari' ikuskizuna bideoan

Egoitz Unamuno 2019 mai 31 Soraluze