Abokatua zara, ezta?
Bai, Zuzenbidean lizentziaduna Habanako Unibertsitatetik.
Abokatu modura lan egiten zenuen han?
Ingurumen gaiekin lan egiten nuen, Ingurumen Ministerioaren baitan. Ingurumen arloan, Segurtasunaren Erregulazio eta Kontrol batzordeko burua nintzen. Ingurumenarekin lotutako legek eta araudiak, kalitatearekin lotutakoak… lantzen ziren bertan.
Hemen ezin duzu horretan lanik egin?
Ikasketak konbalidatu beharko nituzke, baina Zuzenbidea desberdina da herri bakoitzean, eta ikasketa guztiak berriro egitea moduan izango litzateke. Hori bai, aurreko batean ikusi nuenean udaletxean Ingurumen teknikaria behar zutela… izugarri gustatuko litzaidake halako zerbait. Ingurumena nire mundua da. Eta beste aukera batzuk ere banabil aztertzen ikasketei dagokienez. Ze irakasle ere izandakoa naiz prebentzio arloan, konferentziak ere eman izan ditut eduki horrekin, eta hemen inguruan, adibidez, industria handia dago.
Zela integratu zara Soraluzen?
Oso ondo, eta gustura. Egia esan, ohitura desberdinak ditugu, adibidez, Kuban tabernak dantzarekin lotzen dira, eta hemen ez, baina ohitzen joaten zara. Bestalde, ikusten dut hemen herritarrak oso errotuta daudela nazio modura, asko baloratzen direla tradizioak, antzinako ohiturak, eta hori niri interesatu egiten zait. Balore handia ematen diot ohitura guztiak gordetzeari, arreta ematen dit, eta pozten naiz, batik bat leku askotan galdu egin direlako horiek ohitura guztiok.
Etorkizuna non ikusten duzu?
Egia esan, nik ikusten dut nire burua hemen bizitzen. Baina familia ere badugu senarrak eta biok munduan barreiatuta, eta batek daki. Nire familian beti izan gara migranteak. Jatorriz Behe-nafarroakoak ziren, Iparraldera joan ziren eta gero maiorazgoa Haitira joan zen, hango iraultza etorri arte; orduan Kubara joan zen.
Zer igartzen duzu gehien faltan?
Nire lana, nire karrera, irakasle izatea… Eta familia.
Hemen, baina, integratu zara, adibidez, emakumeen mugimenduan…
Kuban Emakumeen Federazioa genuen eta oso gaztetatik ibiltzen nintzen han, ekintzetan parte hartuz…
Zela ikusten duzu kontua hemen?
Nik uste dut aurrerapausoak ematen direla, baina oraindik ere oso gizarte matxista dago. Telebistan ikusten dudan bakoitzean tratu txarrek eragindako gertakariren bat dagoenean, uste dut hori ez datorrela bat herriaren garapen ekonomiko eta sozialarekin. Baina uste dut asko dela hezkuntza kontua, eta etxeko hezkuntza; han hasten da gizona formatzen. Ohiturak bertan ezarri behar dira, erakutsi gurasoek biek ala biek bete ditzaketela rol biak… eta kaleko jolasak guztiek jolasteko modukoak izan beharko lirateke, ez batzuk mutilendako bakarrik eta beste batzuk neskendako…
Beste zerbait gehitu nahi baduzu…
Nahiz eta nire karrera faltan igarri, aukera izan dut hemen pertsona nagusiekin lan egitea, (umeekin eta nagusiekin lan egitea gustatzen zait), eta gustura nago hori egiten ere.