Bihar, 11:30ean hasiko da Debagoieneko Trikitixa Eguna, orduantxe abiatuko dira-eta kalerik kale eta auzoz auzo hamar bat herritatik etorriko diren musikari gazteak, tartean Mesedeetako egoiliarrei ere bisita eginez.
Debagoiena, Donapaleu eta Bermeo
Aramaioko, Aretxabaletako, Arrasateko, Oñatiko, Antzuolako, Bergarako, Elgetako eta jakina Soraluzeko trikitilariek jardungo dute trikiaren hauspoei eragiten; eta Bermeoko hainbat ere etorriko dira, Soraluzeko irakasle Itziar Burunzak han ere ematen dituelako eskolak.
Horiez aparte, Baxenafarroako Donapaleu herritik ere etorriko dira beste hainbat trikitilari gazte; azken hauek, Baxenafarroako Amikuze bailaran bizi den Ilde Perez soraluzetarraren alaba den Laura Perez trikitilariaren bitartez.
Behin kalejira eginda, ekitaldi nagusia egingo dute. Hori Zubi Nagusian izango da, 12:30ean. Herrika igoko dira oholtza gainera eta kanta bana interpretatuko dute trikitilariek. Soraluze-Bermeoko trikitilarien kasuan, lehenak izango dira jotzen, eta Irukurutzeta kantua joko dute.
Iratzarrekin erromeria
Guztien emanaldiak bukatu ondoren, bertaratu diren gehienak (300 bat agun) Soraluzen bazkaltzen geratuko dira, Txurrukatik ekarriko duten menua, kiroldegian. Eta gero, arratsaldean segituko du jaiak; besteak beste, 18:00etan Iratzar taldearekin erromeria izango da eta 20:00etan borobilduko dute eguna, triki-poteoarekin. Konboak ere bazeuden iragarrita egitarauan, baina azken ordukoak tarteko, ez da halakorik izango.
Hiru artisau
Bestalde, trikitixa egunaren bueltan, hiru artisauk postuak ipiniko dituzte kalean, panderoak-eta saltzen: Tolosako Agirrek, Zeanuriko Jotzenek eta Arabako Bappolok.
Antolatzaile batzordekoen esanetan, “trikiti zaletasuna bultzatu eta ikasleei kalean jotzeko aukera eskaintzea” da Debagoieneko Trikitixa Egunaren helburua. “Berez, Debagoiena eskualdeko herrien topaketa da, baina Soraluzek urtero parte hartzen du topaketan, bestelako hainbat musika eta dantza ekimenetan parte hartzen duen moduan, harreman naturala da”.