Robotika eta droneak ere ikasgai oporretan

Ubane Madera 2019ko mai. 31a, 10:06

Iazko Robotika ikastaroan ibili zen gazte-taldeetako bat.

Robotikari buruzko eta droneen gaineko ikastaro bana antolatu ditu Soraluzeko Udalak ekainerako, Soraluceren eta Debegesaren laguntzarekin. Helburua da gai horiekiko zaletasuna zabaltzea herriko gazteen artean, inguruko enpresetan jakintza hori duten profesionalen beharra dutelako, batik bat.

Robotikari eta droneei buruzko ikastaroak, biak ala biak ekainaren 24tik 28ra bitartean egingo dituzte. Robotika dago zuzenduta LH3tik LH6ra bitarteko ikasteei; eta droneen gaineko ikastaroa, berriz, DBH1eko eta DBH2ko ikasleei.

Robotikari dagokionez, 30 lagunendako lekua izango da, 15 lagunetako bi taldetan banatuta. Iaz moduan, Doplay enpresak emango ditu eskolak, 09:30etik 13:30era bitartean, Herriko Antzokian. Eskola teoriko-praktikoak izango dira, eta parte hartzen dutenek aukera izango dute irailean Ermuan egingo duten GazteRobotika lehiaketan parte hartzeko.

Robotika ikastaroaren prezioa da 30 euro eta Soraluce Kooperatibak lagundutako ekimena da berau.

20 drone txiki 

Droneen gaineko ikastaroari dagokienez, berriz, nagusiagoendako, DBH1eko eta DBH2ko ikasleei zuzenduta dago. Mondragon Unibertsitatetik sortutako Making enpresak emango ditu eskolak, 11:00-12:30ak bitartean, eta 20 drone txiki ekarriko dituzte ikastarorako. Haiek zela erabili eta zelako teknologia duten ikasiko dute gazteek. Ikastaroaren prezioa da 20 euro.

Izena emateko epea luzatu egin dute, ekainaren 7ra arte (udaletxean). Eta azpimarratu nahi dute norberak ez duela dronerik eraman behar, erabili beharreko guztiak ekarri egingo dituztela.

Soraluzeko Udaletik esplikatutakoaren arabera, halako ikastaroak antolatzearen helburua da zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika arloekiko zaletasuna sustatzea gazteen artean, eta bereziki, gazte emakumeen artean.

Profesional beharra

Hain justu, Debegesak eskualdeko udalerrietan abiatuta duen dinamikaren baitan antolatutako ekimenak dira, eskualdeko enpresek dituzten beharrak asetzen laguntzeko epe luzerako estrategia, alegia. Izan ere, gaur gaurkoz, inguruko enpresa askok kanpotik ekarri behar izaten dituzte arlo horietan jakintza duten profesionalak, hemen inguruan ez dagoelako nahikorik.

Hori horrela, Soraluzeko Udalaren asmoa da irailetik aurrera bide beretik segitzea eta Bizilabe programarekin bat eginda, udalerrian hainbat tailer teknologiko antolatzea urtean, 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Bizilabe Elhuyar Zientzia Elkarteak landu eta Debegesak gidatzen duen programa da.