Jesus Tapia: "Arkeologiaren saria da aurkikuntzarik txikiena ere informazio bihurtzea"

Ubane Madera 2019ko mai. 30a, 19:41
Jesus Tapia arkeologoa. Argazkia: Fernan Oregi.

Astelehenean, ekainaren 3an indusketa hasiko du Aranzadi Zientzia Elkarteak Dolmenen Ibilbidean. Uztailaren hasiera arte lan egingo dute. “Astegunetan soilik lan egiteko asmoa daukagu, baina beharren arabera larunbaten batean edo bitan ere lan egin dezakegu”, esplikatu du Jesus Tapiak, indusketen zuzendaria den arkeologoak eta Aranzadiko Historiaurrea Saileko kideak. Boluntarioek ere jardungo dute indusketetan.

Non hasiko zarete?

Gure asmoa da lau monumentutan lan egitea: Agerreburu, Sabua, Franstesbaso eta Irukurutzeta. Agerreburun eta Frantsesbason zentratuko gara gehien bat, eta ondoren Sabuan bukatuko dugu. Irukurutzetan ikerketa bukatuta dago jadanik, eta xehetasun batzuk bukatzea baino ez zaigu gelditzen. Agerreburun Aranzadik, Barandiaranek eta Egurenek 1921ean egindako indusketa errepasatuko dugu, eta monumentuaren ezaugarri arkitektonikoak dokumentatu eta aztertuko ditugu, ondoren berreraikitze eta zaharberritze lanak planteatu ahal izateko. Gainera, gure ustez, posible da oraindik material arkeologikoa egotea, beste kasuetan gertatu den bezala (Gizaburuaga, Kerexetategi eta Irukurutzeta).

Zertan? Orokorrean baduzue aurreikuspen-helbururik aurtengo indusketetarako?

Frantsesbaso eta Sabua indusi gabeko monumentuak dira, eta aztertu egin nahi ditugu jakiteko zein motakoak diren (dolmenak, tumuluak, zistak), noizkoak, eta zer materialak kontserbatzen dituzten.

Hori guztiari esker balio handiko informazioa jaso dezakegu bertako megalitismoaren fenomenoa hobeto ezagutzeko, bai materialen eta egituren aldetik, baita kronologiaren aldetik ere. Pixkanaka pixkanaka, Karakate-Irukurutzeta-Agerreburu mendilerroko inguru megalitikoari indar berria eman nahi diogu. Hain zuzen ere, multzo hori Gipuzkoan aztertutako lehenetarikoa da, baina tamalez, material gutxi berreskuratu zen aitzindarien indusketetan (pieza batzuk ere galdu egin ziren), eta orduz geroztik ez da beste ikerketarik egin.

Zenbateko lagun taldea behar da indusketarako? Eta zelakoa da egun bat indusketa batean?

Lantaldea 10 laguntzailez osatzea pentsatu dugu. Laguntzailea izateko ez da ikasketa teknikorik behar, eta indusketan zehar emango dira beharrezko azalpenak. Lana eskuz egiten da: indusi, lurra bahetu, egitura garbitu... Ordutegia beharren arabera moldatuko da, baina gutxi gora behera goizeko 08:30tatik arratsaldeko 16:00ak arte izango da, bazkaltzeko tarte bat utzirik. Eskatzen den baldintza bakarra hauxe da: zaletasuna, ondarearekiko errespetua, eta ikasteko gogoa edukitzea. Parte hartzaileei aseguru bat egingo zaie eta bazkaria (ogitartekoa) gure kontura doa.

Dudatan dagoen horri, zer esango zenioke?

Etortzeko gogoa duenari hauxe esango nioke: arkeologian ez zara inoiz aspertzen; ez daude bi aztarnategi berdinak, eta kasu bakoitzak badauka bere interesa nahiz eta emaitza urriak izan. Lan horren saria ez da bakarrik aspaldiko trasteak aurkitzea, baizik eta aurkikuntzarik txikiena ere informazio bihurtzea.

Dagoeneko zortzi pertsonarekin kontatzen dugu, baina badago tokia ere beste batzuentzat. Norbaitek ezin badu kanpaina osoan parte hartu, egun soltetan ere etor daiteke (jtapia@aranzadi.eus helbidera idatzita). Eta bukatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak indusketarako baimenak eta dirulaguntzak eman ditu, eta ezinbestekoa zaigu Soraluze, Bergara eta  Elgoibarko Udalei eskerrak ematea, haiek izan baitira, Debegesaren bitartez, proiektua bultzatu dutenak.