Autobus geltokia egokitzen

Ubane Madera 2019ko mai. 29a, 09:32
Autobus geltokia egokitzen dabiltza.

Gaur hasi eta gaur bukatuko dute Zubi Nagusian kokatuko den autobus geltokiarendako esparrua egokitzen. Artzamendi enpresak dihardu horretan, Errabaleko urbanizazio obrak egiten dabilenak. Behin esparrua egokituta, markesina eta ordutegien seinaletika ipintzea faltako da.

Egunotan erremate lanak egiten dihardute Errabaleko obretan, eta horretan segituko dute datozen egunotan ere. Bereziki, espaloiei eta ur-harguneei dagozkien azpiegiturak errematatzen dabiltza.

Bien bitartean, autobus geltoki berriarendako esparrua egokitzen ere hasi dira, eta obra arduradunak esandakoaren arabera, bukatu ere gaur bukatuko dute lan hori. Behin hori eginda, autobus geltokia behin betiko egokitzeko ekarri beharko dute bertarako markesina eta seinaletika.

Horrez aparte, Errabaleko obrak bukatzeko zoru inpresoa botako dute (harlauza txikiak irudikatzen dituena) eta ondoren zorua gorriz margotuko dute.