Hasi da itxuratzen lorategi berria

Ubane Madera 2019ko mai. 22a, 11:09

Ia bukatu dituzte Iturburuko lorategi berriko lanak. Egunotan segitu dute landareak sartzen bertan: txikiak aurrean, zuhaixkak erdian eta atzean landare igokariak. Horrekin batera, besteak beste, kiroldegi ondoko belargunean zuhaitza ere landatu dute. Bihar, berriz, egurrezko hesia ipiniko diote, babesteko.

Joan den astean hasi ziren kiroldegiko pasealekuko lorategi berriko landareak sartzen, eta  azken egunotako eurien etenaldiaren ondoren, egunotan segitu dute azken landareak sartzen bertan. 

Dagoeneko itxuratuta ikusten da ingurua. Eta are itxuratuago izango da bihartik aurrera, orduantxe ipiniko diote-eta egurrezko hesia inguruan, landareak babesteko, bereziki, txakurrez eta haien kakez. Izan ere, horixe izan da inguru horren ezaugarrietako bat azken urteotan: txakur kakez betetako berdegunea izan dela.

Orain, gainera, ingurua hesitu izanaren ondorioz, udaletxetik jakinarazi dute txakur kaken arazoa kiroldegi gainera pasatzen hasi dela, eta bertan azaltzen hasi direla txakur kakak, eguna joan eta eguna etorri.