“Herri-jakintza transmititzeko tresna erabilgarria sortu nahi izan dugu”

Egoitz Unamuno 2019ko mai. 21a, 08:00

Andoni Iñurritegi, Antxon Alberdi eta Oier Larreategi zapatuko aurkezpenean.

Kultur trasmisiorako tresna izan nahi duen webgune digitala sortu dute Soraluze bizi, Soraluze izan proiektuaren baitan. Bertan jaso dituzte Deba ibaiaren, armagintzaren eta herri kulturaren gaineko hainbat eduki: ipuinak, kantuak, testigantzak, historiako pasarte bitxiak...

Zapatu eguerdian aurkeztu zuten antzokian SBSI ekimena (Soraluze izan Soraluze bizi), zeina orain dela bi urte jarri zuten martxan Hezkuntza Proiektuaren baitan, herri-curriculuma osatzen hasteko helburuz, Ikastetxeko edota institutuko irakasle eta ikasleek eskolan herriari buruzko informazioa landu ahal izan dezaten.

Lehen ekinaldi honetan, Deba ibaia, armagintza eta herri-kultura izan dituzte langai eta landu duten eduki guztiaren artean, balio berezia dute berreskuratu diren ipuin eta kantuek, herriko literatur ondarearen altxor bakanetakoak direlako. Gehienak, Barandiaranen eta Ramiro Larrañagaren liburuetatik eskuratu dituzte. Badira, Armagintzari lotutako hainbat bixtikeri ere: 30.000 fusilen istorioa, errebolberra asmatu zuen mendaroarrarena...

Dagoeneko, webgunea aurkeztu diete Ikastetxeko eta Institutuko irakasleei ere, eta hauen aldetik harrera “ona” jaso dute. Hala ere, webguneak azken ukitu batzuk behar ditu eta irailera arte ez da ikusgai izango. Hori bai, irailetik aurrera, edonork ikusi ahal izango du.

Transmisioa helburu

Andoni Iñurritegi hezkuntza teknikariak azaldu zuen egitasmoaren helburua: “Orain arte, ahoz transmititu izan dira herri-jakintza eta tradizioak, familietan eta modu naturalean. Ostera, azken aldian, transmisio bide horretan hutsuneak nabari dira eta beharra dago bestelako transmisio bideak lantzeko. Guk gaur eguneko formatu bat erabili dugu horretarako, informazioa modu erakargarri eta erabilgarrian eskaintzeko: edukien biltegi digitala”.

Webgune itxura

Orain dela bi urte, Antxon Alberdik jaso zuen kultur ondarea jaso eta unitate didaktiko moduan antolatzeko beka. Ordutik, zeregin horretan jardun du buru belarri, baina unitate didaktikoak barik, egokiago iritzi dio edukia webgune baten antolatuta eskaintzeari: “Ez genuen nahi kajoian gordeta amaituko duen unitate didaktiko bat egiterik eta egokiago ikusi dugu webgune batean antolatzea, argazki, bideo eta dokumentuak eskuragarri jarrita. Gainera, webgunea norabaide bikoitzekoa izango da eta aukera emango du ikasleen ekarpenak jasotzeko. Uste dugu, webgunea erakargarriagoa eta erabilgarriagoa dela irakasle eta ikasleentzat”.

Webgunea Oier Larreategi Pil-pileanen komunikazio zerbitzuko arduradunak diseinatu du.