"Antzerkia egitea da bizitzan izan dudan esperientziarik politenetako bat" Eduardo Pombar

Egoitz Unamuno 2019ko mai. 17a, 20:54

Eduardo Pombar.

Bihar, zapatua, arratsaldeko 20:00etan, Banarte antzerki taldeak Comunicado de muerte antzezlana eskainiko du antzokian. Obra Eduardo Pombar soraluzetarrak zuzendu du eta ondorengo elkarrizketan kontatu ditu nondik norakoak.  

Zer kontatzen du bihar eskainiko duzuen obrak?

Obrak eroango gaitu 1974. urtera. Kontatzen du preso batek garrote vil-ean hil baino lehen bere kartzelazainarekin pasatutako azken orduak zelakoak diren. Oinarritua dago gertaera erreal batean eta kontatzen du Salvador Puig anarkistari gertatua. Bera izan zen Espainiako estatuan garrote vil bidez exekutatu zuten azken pertsona.

Salvador modu injustuan kondenatu zuten, berak burutu ez zuen krimen bategatik, eta aislamentu egoera hartan, bere gartzelazainarekin adiskidetu zen. Biak ziren mundu ezberdinetakoak, baina elkarren lagun egin ziren eta galtzelazainari bizitza aldatu zion Salvador eta bere exekuzioa ezagutu izanak. Konturatu zen bere ideiengatik hil zutela, ideia ezberdinak izatearren, eta horrek transformatu egin zuen barrutik. Kuriosoa da, ze, gartzelazaina oraindik bizi da eta obra ikusi du eta Salvadorren arrebak ere bai. Biei gustatu zaie ikustea obrak zein modutan islatu duen haien artean sortu zen harremana.

Obra bi zatitan dago banatua, eta biek dute istorio bat amankomunean: gartzelazain bat eta heriotzera kondenatua dagoen preso bat. Lehenengoa, Salvadorren historia da, eta, bigarrena, neuk egin dudan egokitzapen bat, Mameten obra batena. Berba egiten du Vietnamgo gerraren ostean sortu zen mugimendu anarkistaz.

Bigarren zati honetan, anarkista talde bateko emakumezko preso batek erabiliko ditu bere arma guztiak gartzelatik ateratzeko eta heriotzera kondenatua izan ez dadin. 

Obrak jaso ditu sariak ere. Zein garrantzi dute sari horiek?

Obrak hiru sari jaso ditu; bi, antzerki amateur nazionalaren konfederazioaren eskutik; eta, bestea, Zumarragako antzerki saria. Garrantzitsuak dira, ze, modu horretan jende gehiagok nahi izaten du programatzea antzoki edo kultur etxeetan.

Zuzendu ere zeuk egin duzu, ezta?

Bai, obra neuk zuzendu dut eta asko gustatu zait zuzendari lana, ikasi dudalako izugarri lau aktoreei begira. Gainera, oso polita izan da obra buruan imajinatzea eta gero ikustea pentsatu duzun horrek zela hartzen duen forma eszenatoki batean.

Zer aukera ematen du antzerkiak istorioak kontatzeko?

Niretzat antzerkia zinea baino politagoa da, errepresentatzen den bakoitzean ezberdina izaten delako aurrekoarengandik. Inoiz ez da berdina: eszenatokiak, ikusleak eta leku bakoitzeko energia... Horrek guztiak eragiten du errepresentazioa beti desberdina izatea.

Etorkizun hurbilean zein asmo? Baduzue beste obrarik eskuartean?

Bai, beste obra bat prestatzen dihardugu. Kostatu zaigu bilarzea nahi genuen testua. Oraingoan, komedia izango da, oso obra dibertidoa. Eta asko gustatzen zaitbbertan antzezten dudan papera. Ea 2020ko urtarrila edo otsailerako prest dugun.    

Dagoeneko badira urte batzuk antzerki munduan hasi zinela.

Hamar urte daramatzat antzerkia egiten, eta da bizitzan izan dudan esperientziarik politenetako bat. Antzerkiak aukera ematen dizu dibertitzeko, ideak komunikatzeko, eta, batez ere, publikoarengandik hurbil egoteko.