Modeloak behar dituzte Bizikaleren desfilerako

Ubane Madera 2019ko mai. 17a, 15:22

Badator, bigarren urtez, Bizikale elkartearen moda desfilea. Ekainaren 14an, barikua, izango da, Bizikale Azoka borobiltzeko. Eta aurten ere, herritarren partaidetzarekin egin nahi dute herriko merkatari elkartekoek. “Edozein adin tarteko” modeloak behar dituzte. Izen-ematea zabalik da. 

Iazko moda desfilearen arrakasta ikusita, aurten esperientzia errepikatzea erabaki dute Bizikale Merkatari Elkarteko kideek, eta beste desfile bat egingo dute ekainaren 14an, barikua.

Hain justu, egun horretan, Bizikale Azoka egingo dute, eta elkarteko merkatariek plazara aterako dituzte euren produktuak, jai giroan. Azoka borobiltzeko, egingo dute, hain justu, moda desfilea.

Jantzi, orraztu eta makillatu

Iaz moduan, aurten ere, herritarrak nahiko lituzkete herrian saltzen diren jantziak eta bestelakoak pasarelan erakuts ditzaten. “Edozein adin tarteko” modeloak behar dituzte, eta ekainaren 3ra arte dute interesdunek izena emateko epea, Bizikale elkarteko kide diren edozein saltokitan. 

Desfile egunean, zein baino zein dotoreago ibiliko dira pasarelan, Kooperatibako, KLB-6 saltokiko eta Fanny Mertzeriako jantziak soinean dituztela. Jantziak desfilatzen laguntzeko, gainera, modeloak apaindu egingo dituzte, bertako ile-apaintzaileek (Ainhoa, Marisa eta Mabel ile-apaintzaileek) eta makillatzaileek (Lilura). 

Iaz 30 bat herritarrek parte hartu zuen desfilean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.