Anbulatorioko hainbat langile greban

Ubane Madera 2019ko mai. 17a, 11:13

Anbulatorioko sarreran grebaren kartela.

Gaur, maiatzak 17, greba egitera deitu dituzte Osakidetzako Lehen Arreta zerbitzuko langileak. Soraluzeko anbulatorioko hainbatek bat egin dute protesta ekimenarekin, eta Elgoibarko anbulatorioan bakarrik larrialdiak daude artatzen.

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta (Lehen Arreta Arnasberritzen plataformaren bitartez), bigarren greba eguna egiten dabiltza Osakidetzako Lehen Arreta zerbitzuko hainbat profesionalek, baita Soraluzekoek ere. Edozein modutan, herriko anbulatorioa zabalik dago, bertako hainbat langilek lanean dihardutelako.

Kontuak kontu, protestan dihardutenek eskatzen dute lantaldea handitzea, oro har, langileek pazienteekin egoteko denbora gehiago izan dezaten. Apirilean egin zuten lehen greba eguna, eta oraingoz, gaurkoa da bigarrena eta azkena.

Zerbitzua vs negozioa

ELA sindikatuak salatzen duenez, maiatzaren 14an egindako bileran Osakidetzako zuzendaritzak ez zuen “neurri berri bakar bat ere proposatu” eta sindikatuak salatzen du, oro har,  Lehen Arreta zerbitzua “lausotuz” joan dela, “ospitale-arretaren alde, hor negoziorako tarte handiagoa baitago norbaitentzat. Osakidetzak egoera hori zuzentzeko neurriak hartu beharrean, adabakiak jartzen aritu da, profesionalei zeregin gehiegi leporatuz, eta herritarrentzako arreta-kalitatea gero eta gehiago hondatuz. Lan-kargak onartezinak dira, profesionalen ordezkorik ez da izendatzen, itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak dira, profesionalek ez dagozkien eginkizunak egin behar dituzte, eta abar, eta abar”.

Ordutegien murrizketa

LAB sindikatuak, berriz, salatzen du Osakidetzak jasotako puntuetan ez dela “neurri sinesgarririk ezartzen. Eta honako adibideak ipintzen ditu: “Dokumentuan jasotzen da ekainean ordainduko zela, baina gaur baieztatu digute ekainean ezinezkoa izango dela eta momentuz ez dute deialdi berririk zabalduko. Beste puntu batzuetan, txarragoa da esandakoa, adibidez oporraldietan, osasun zentroen ordutegia murriztea planteatzen dutenean. LABentzat hau onartezina den marra gorria da, populazio osoaren osasun eskubidea murrizten duelako”.

Oro har, bada, bi sindikatuek beharrezko ikusten dute Lehen Arretaren eredua aldatzea. Lan-gatazka horrekin lotuta, maiatzaren 27rako dago deituta hurrengo mahai sektoriala; edozelan ere, “mobilizazio berriak” aztertuko dituzte sindikatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.