LGTBIfobiaren kontra

Ubane Madera 2019ko mai. 17a, 10:18
Diskriminazioa baztertzen duen pankarta, udaletxeko balkoian, gaur, barikua.

Gaur, barikua, homofobia, lesbofobia, bifobia eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna da eta hori gogora ekartzeko elkarretaratzea deitu du Korner Morea elkarte transfeministak, 19:00etan Plaza Berrian. Soraluzeko Udalak erakunde adierazpena argitaratu eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du.

Gaur gaurkoz, munduko 72 herrialdek kartzelarekin zigortzen ditu LGTBI kolektiboko kide sentitzen diren pertsonak, eta zortzi herrialdek heriotza zigorrarekin.

Elkarretaratzeta eta konpromisoak

Euskadin, gorroto-delituen gaineko txostenaren arabera, egoera kezkagarria da: 2018an izandako 130 gorroto-delituetatik 30ek joera eta identitate soziala zuten oinarrian. Horiek dira datuak, baina jakinekoa da, gainera, datuetan jasota ez dauden beste fobia kasu ugari ere gertatzen direla.

Egoera hori salatu eta LGTBI kolektiboko kideen eskubideak eta sexu eta genero identitate askatasuna aldarrikatzeko deitu du Korner Morea Elkarte Transfeministak elkarretaratzea Plaza Berrian, gaur 19:00etan.

Eta erakunde adierazpena baliatuta, honako konpromisoak bere egiten ditu Soraluzeko Udalak:

  • Pertsona oro errespetatzea, sexu-joera eta genero-identitatea gora-behera.
  • Herrian gerta litekeen edozein adierazpen homofobo, lesbofobo, bifobo eta transfobo irmoki gaitzestea.

  • Udalerrian adierazpen afektibo-sexual ezberdinen ikusgaitasuna errespetatzea.
  • Gizarte anskotarikoago, zabalago eta integratzaileago bat lortzeari begira antolatutako ekintzak sustatzea, non sexu aukera eta genero-identitatea ez diren inorentzako oztopo izango.
  • Aurrera egitea, mitorik, inposiziorik eta konparaziorik gabeko sexualitate dibertsoa jomuga izanda.
  • LGTBI kolektiboaren eskubideak babestu eta zaintzea, herrian norabide horretan lanean dihardutenekin batera, Korner Morea kolektiboa kasu.


Eta gogora ekarri du udalerriko sarrera-irteeretan kartel bitartez adierazitakoa: Soraluzek ez du eraso matxista eta LGTBIfoborik onartzen.