Instrumentuak askatzen ibili ziren Sushirekin batera

Ubane Madera 2019ko mai. 16a, 15:22

Izarrez eta planetez jantzitako taula gainean jardun zuten atzo, eguaztena, Soraluzeko Musika Eskolako 27 neska-mutikok eta haien irakasleek, ipuin musikatuan. Sushi Dragoi Kosmikoa lagun izan zuten, planetetan askatu ezinda zeuden instrumentuak Soraluzeko Herriko Antzokira ekartzen laguntzeko.

Kantuak eta dantzak uztartuta, eta Plaentxi Herri Ikastetxeko HHtik LH2ra arteko ikaskideak begira zituztela taularatu zuten atzo Sushi Dragoi Kosmikoa ipuin musikatua Soraluzeko Musika Eskolako ikasle gazteenek.

Pedagogia egitea helburu izanda, ipuina eta musika baliatuta aurkeztu zituzten instrumentuak familiaka, haien historia eta jatorria kontatuz, besteak beste: haizezko instrumentuak, sokazkoak, perkusiokoak eta teklatuak (polifonikoa).

Ipuinean, instrumentuak hainbat planetatan bahituta zeudela irudikatu zuten; hala, musika egin ahal izateko, beharrezkoa zuten instrumentuok askatzea. Hori egin zuten musika eskolako ikasleek, kantuka eta dantzaka, bertan zeuden ikusleek lagunduta.

Erlazionatuak

Sushi Dragoi Kosmikoaren ipuina

Ubane Madera 2019 mai 16 Soraluze