Lapurreta ahaleginak herrian

Ubane Madera 2019ko mai. 16a, 11:50
Iratxoko atearen bonbina apurtuta.

Bart gauean Iratxo goxo-dendan sartzeko ahalegina egin dute ezezagunek. Kalebarrenera ematen duen atariko sarbideko sarrailatako baten bonbina indarrez apurtuta aurkitu dute dendako ugazabek goizean. Joan den barikuan ere ahalegin bera egin zuten Iñaki Etxaberen harategian.

Barikutik gaurko egunera bitartean, bi lapurreta ahalegin izan dira herrian; biak ala biak, gainera, sistema bera erabilita: sarraila errebentatu eta saltokietara sartzen ahalegindu dira ezezagunak.

Etxaberenean ere

Bart gauean horrela egin zuten Iratxo goxo-dendan. Itziar Agirre ugazabak kontatutakoaren arabera, Kalebarrengo sarbidetik ahalegindu dira lapurrak dendara sartzen. Bi sarraila ditu ateak eta bietako bat errebentatzea lortu dute, ez aldiz, bigarrena. Horri esker ez dute lortu lapurrek saltokira sartzerik.

Joan den barikuan, berriz, Etxabe harategira sartzen ahalegin ziren. Iñaki Etxabe ugazabak kontatutakoaren arabera, han ere sarrailaren bonbina errebentatzen saiatu ziren, baina han ere ez zuten lortu saltokira sartzerik.

Bi kasuetan, Soraluzeko Udaltzaingoa gertatutakoaren jakinaren gainean dago.