Maria eta Jesusa omendu dituzte Arraten, San Isidro Egunean

Ubane Madera 2019ko mai. 15a, 17:54

Maria Irusta eta Jesusa Maiztegi baserritarrak udal ordezkariekin batera.

Gaur, maiatzaren 15, San Isidro eguna da, baserritarren zaindaria. Eta urtero moduan, Arraten ospatu dute berau Debabarreneko baserritarrek, egun osoko topaketa-festan. Tartean, omenaldia egin diete bertaratu diren nagusienei, eta otar ederra eskuratu dute Soraluzeko Iturbe baserriko Jesusa Maiztegik eta Arizaga baserriko Maria Irustak.

1:00etan Arrate Santutegian meza entzuten hasi eta 17:30ean idi-demarekin bukatu den egun osoko jaia izan dute gaur, San Isidro egunez, Debabarreneko baserritarrek.

Debemenek, Debabarreneko Landa Garapen Elkarteak antolatuta, bertsolariek eta trikitilariek alaitutako meza entzun dute bertaratutakoek San Isidro eguna hasteko. Meza amaitzean, prozesioa egin dute eta gero Aurreskua izan da, Eibarko Kezka dantza taldearen eskutik.

Omenaldia

Debabarreneko nekazaritza produktuen dastatzea etorri zaie ondoren, eta besteak beste, Soraluzeko Egotza baserriko ahuntz gazta ere izan da dastatzekoen artean. Herri-kirolendako tartea ere egin dute eguerdi parte horretan, aizkolari txapelketa jokatuta, eta goiz-eguerdia borobiltzeko, lagunarteko bazkaria egin dute Kantabria jatetxean.

Bazkalostean egin diete bertaratutako nagusienei omenaldia. Eta haien artean, eskualdeko produktuz osatutako otar bana jaso dute Soraluzeko Iturbe baserriko Jesusa Maiztegik eta Arizaga baserriko Maria Irustak. Iker Aldazabal alkateak eta Jabi Garmendiak, Nekazaritzako batzordeburuak eman dizkiete opariok. Bestalde, Soraluzeko Udaletik Unai Larreategi oposizioko burua ere bertaratu zen.

Eguna borobiltzeko, Olidenen, Soarteren eta Izetaren partaidetzarekin egindako idi-dema izan dute ikusgai.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.