2018ra arte, M8ak urtero etxetik urrun harrapatu ninduen lanean, eta horregatik, iaz, etxetik urrun bizi izan nuen marea moratuaren fenomeno historikoa. Fenomenoa mundu mailakoa izan zen, baina ni bereziki hunkitu ninduena Plaentxin sortu zen mugimendua izan zen -Korner Moreari esker-.
Nengoen toki hartan, lehiotik ikusi nuen pasatzen manifestazio bat hiriaren erdialdean barrena eta, milioi erdi biztanle dituen hiria izan arren, ez nion atzeman Plaentxiko manifak izan zuen bolumenik, ez eta indarrik ere, eta horrek harro sentiarazi ninduen nire herriaz. Egun hartako berriak online jarraitu nituen -plaentxia.eus-i esker-. Ileak tente jarri zitzaizkidan jende olatu ikaragarri haren argazkiak eta bideoak ikusi nituenean. Bertan ageri ziren pertsonak garrasika, adieraziz, emakumeok hemen gaudela, ez dugula gustuko izatea inor baino gehiago ez gutxiago eta beti pentsatu izan dugula horrela, nahiz eta, arrazoi ugari tarteko, ordura arte ez genuen batu behar beste indar mezu hori ozen eta garbi entzunarazteko.
Oxala iritsiko balitz mementua emakumearen nazioarteko eguna berdintasunagatiko aldarrikapenez betea barik, maila guztietan eskuratutako lorpenen ospakizunez betea legokeena. Baina, bien bitartean, ez dugu beste biderik kaleak hartu eta gure ikuspuntu feminista natural eta gizatiarra transmititzen ahalegintzea baino, bakarra bihurtu arte berau.
Aurten, nahi barik baina nahita -estreinatu berri den M8 Plataformari esker-, hain bizi izan dut lehenengo pertsonan eta hain izan da egun intentsua eta polita -ekitaldietara etorri zen jendeari esker-, ezen, oraindik ere irauten baitit subidoiak eta ez baitut astirik hartu balorazioa egiteko. Hala ere, ondo pentsatuz gero, horixe da egin berri dudana.
Amaitzeko, bereziki aipatu nahi ditut emakumeko jubilatuak, bizi-esperientzia zabala duten horiek, zeintzuen presentzia egun horretan izan zen egundokoa eta eredugarria. Eta, noski, aipatu behar dut nire heroia ere: ama, zeinak bere erara muinetaratu zizkidan hainbeste balore eta hain onak. Oraindik ere gure artean balego, ziur naiz nirekin egongo zatekeela, lehenengo ilaran, burua tente. (*What else!: Zer bestela!)